NAIZ

Presoen auzia konpontzeko gizartearen lanaren garrantzia nabarmendu du EH Bilduk

Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute EH Bilduko diputatuen bisita jaso dute gaur Kalera Kalera ekimeneko kideek Usurbilen. Presoen auzia konpontzeko norberak bere esparrutik lan egin behar duela nabarmendu dute eta gizarte zibilaren «berebiziko garrantzia» azpimarratu dute.

Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute, Usurbilgo Kaleragunean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute, Usurbilgo Kaleragunean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko bi diputatuak Usurbilgo Kaleragunean izan dira gaur goizean eta bertan presoen auzia konpontzeko eta bakea lortzeko gizarte zibilaren lanaren «berebiziko garrantzia» nabarmendu dute.

«Gu Madrilgo instituzioetan ari garela ikusten dugu Espainiako Gobernuak ez duela inolako borondaterik auzi hau konpontzeko. Ez dauka bakea lortzeko inolako borondaterik eta, are gehiago, bakearen etsai bezala jokatzen ari da bakea lortzeko gainerako arloetan ere, armagabetzea kasu», salatu dute Marian Beitialarrangoitak eta Oskar Matutek.

Horregatik, Luhusoko atxiloketek gizartean eragindako erreakzioak ekarri dituzte gogora eta jendartearen erantzuna azpimarratu dute.

«Gure indarretan eta gure inplikazioan sinistu behar dugu, hori izango delako modua presoen aferan ere Espainiako Estatua mugiarazteko eta behingoz giza eskubideak eta legeak errespetatuz gai honetan urrats finkoak eman daitezen», adierazi dute.