NAIZ
DONOSTIA

Tramiteekin aurrera egiten jarraitzen dute Gipuzkoako Aldundiak eta Itsasok

Gobernu espainolak Itsasoren desanexioaren aurka helegitea jarri duen arren, Gipuzkoako Aldundiak hartutako erabakia berretsi eta «Itsasok 89. herria izaten jarraitzen duela» nabarmen du. Soraya Saenz de Santamaria presidenteorde espainiarrari bilera eskatu diote.

Madrilgo Gobernuak aurkeztutako helegitearen ondoko egoera aztergai izan dute gaur Aldundiko eta Itsasoko arduradunek. Bileran izan dira, bestea, beste, Imanol Lasa, Gobernantza eta Komunikazio diputatua, eta Gorka Sasieta, Itsasoko alkatea. Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusi den Maite Barruetabeña ere han izan da.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Lasak azpimarratu du Aldundiak Itsasoren gainean hartutako erabakia «berretsi» egiten duela eta, hortaz, «Itsasok 89. herria izaten jarraitzen duela».

Jarraitutako prozedura legezkoa dela nabarmenduta, bi erakundeek esku artean dituzten hainbat tramite administratibo eta juridiko izan dituzte hizpide.

Era berean, atzo bertan adierazi zuen bezala, Lasak azaldu du Gobernu espainoleko presidenteordeari, Soraya Saenz de Santamariari, bilera eskatu diotela.

Gobernu espainolari esan diote «ez dugula horrelako erasorik onartuko».