NAIZ
BIDANIA-GOIATZ

Azken bultzada eman diete Tolosaldean datorren igandeko galdeketei

Egun Tolosaldeko herri ezberdinetan hautetsi diren hamarnaka lagunek agerraldia egin dute Bidania-Goiatzen, eskualdeko herrietan datorren igandean egingo diren herri galdeketei babesa adieraziz. Bizkaian, berriz, Busturialdea izango da galdeketen olatura igoko den lehenengo eskualdea; apirilaren 2an erabakiko duten euren etorkizun politikoaren inguruan.

Gernikan bildu dira Busturialdeko herri ezberdinetako ordezkariak. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Gernikan bildu dira Busturialdeko herri ezberdinetako ordezkariak. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Gerturatzen ari da Gure Esku Dago mugimenduak sustatuta abian den herri galdeketen lehenengo olatua. Milaka izango dira datorren asteburuan euren etorkizun politikoaren inguruan erabakitzeko aukera izango duten herritarrak, Tolosaldekoak horien artean.

Hala, egun eskualdeko herri ezberdinetan hautetsi diren hamarnaka lagunek agerraldia egin dute Bidania-Goiatzen, galdeketen ekimenarekin bat egiten dutela adierazteko. Agerraldian, herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, baita «herritarron garaia» dela ere.

Olatz Peon Tolosako alkateak eta Gorka Egia Orendaingoak irakurri dute adierazpena, herritarrei zuzenduz: «Orain herriari dagokio hitz egitea. Zuek duzue giltza. Zuek zarete giltzarri; guztiok gara herri. Giltza, herria, erabakia».

Gaineratu dute udal ezberdinetan mozioak onartzen ari direla: «Babes handia ari da jasotzen eskualdean Giltzarriak bultzatutako galdeketa». «Bozkatu, zuen iritzia jaso nahi dugu» esanez amaitu dute agerraldia.

Bizkaian, Busturialdea lehen eskualdea

Datorren astean ez, baina gertu dute Busturialdean ere herri galdeketen data; apirilaren 2an izango dute eskualdea osatzen duten 21 herrietako bizilagunek euren iritzia emateko aukera.

Agerraldia egin dute hauek ere larunbat honetan, Gernikan. Bertan, azaldu dute Bermeon abiatu zela erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua euren eskualdean, harik eta eskualde guztian galdeketak bultzatzera iritsi diren.

39.146 herritar izango dira botoa emateko aukera izango dutenak, tartean galdeketen prozesuari babesa erakutsi dieten hamarnaka aurpegi ezagun ere, hala nola: Eñaut Elorrieta, Kepa Junkera, Ilaski Serrano, Amaia Uribe, Karmelo Landa, Terese Madariaga...

Agerraldiaren ostean mahai ingurua egin dute erabakitzeko eskubideaz Xabier Goirigolzarri, Laura Mintegi eta Elsa Pamparacuatrorekin, Amaia Uriberen gidaritzapean.