NAIZ

Iberdrolari Bilbotar Ospetsua izendapena kentzea eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk berriro eskatu dio Udalari Iberdrolari emandako Bilbotar Ospetsua izendapena kentzea, argindarra manipulatuz 20 miloi euro irabaztea leporatu ondoren.

Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolako presidentea. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolako presidentea. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

2015ean eskatu zuen bezala, EH Bilduk Iberdrolari Bilbotar Ospetsua izendapena kentzea eskatu du. «Izendapen hori Bilboren irudiaren, izen onaren eta bilbotarren interesen alde lan egin duen pertsona edo erakundeei ematen zaio. Irabaziak lortzeko neguko egun hotzetan argindarraren prezioa manipulatzea ez da, inolaz ere, bilbotarren interesak defendatzea», azpimarratu du Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduko ordezkariak gogora ekarri du ez dela lehen aldia Iberdrolari horrelako jokabidea leporatzen zaionik. «Gogoratu behar dugu nola 2015ean 25 milioi euroko isuna jarri ziotela kontu berdinarengatik. Hori dela eta, aurreko urteko urtarrilean Udalbatzan eskatu genuen izendapena kentzea, baina EAJk, PSOEk eta PPk ezetz esan zuten. Orduan ez genuen ulertu nola egin zuten multinazionalaren alde; orain iritziz aldatzea espero dugu».

EH Bilduk proposamen bat aurkeztuko du Udalbatzan Bilbotar Ospetsua izendapena nori ematen den erabakitzeko sistema aldatzeko. «Gure ustez ez da alkatearen esku bakarrik geratu behar den erabaki bat. Herritarrek aukeratzea demokratiagoa da eta, gainera, gaur bizi dugun egoera ekidin dezakegu. Hau da, izendapena bilbotarren interesen kontra egiten duen norbaiti ematea».