NAIZ

Etxebizitzen alokairuen prezioak %14 gora egin duela Zazpi Kaleetan salatu du EH Bilduk

Pisu turistikoen erregistro publikoa sortzea eskatuko du EH Bilduren udal taldeak iraileko Udalbatzan.

Aitziber Ibaibarriaga, Bilboko EH Bilduren bozeramailea. (@EHBilduBilbo)
Aitziber Ibaibarriaga, Bilboko EH Bilduren bozeramailea. (@EHBilduBilbo)

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak udal taldeak iraileko Udalbatzan egingo dituen proposamenak aurkeztu ditu gaur goizean. Horien artean, pisu turistikoen erregistro bat egitea eskatu du EH Bilduk.

Ibaibarriagak azaldu duenez, udan zehar EH Bilduk Bilboko etxebizitza alokairuen prezioak aztertu ditu hainbat web ataritan. «Abuztutik irailera bitartean Zazpi Kaleetan prezioek %14 gora egin dutela ikusi dugu. Hiriko gune hori garestiena da orain, Indautxu edo Abando baino garestiagoa», esan du Ibaibarriagak.

EH Bilduk pisu turistikoen erregistro publiko bat sortzea proposatzen du «mota horretako ostatuen gaineko kontrol neurri bat izango litzateke. Izan ere, gai honetan gardentasuna oso garrantzitsua da».

EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du beharrezkoa dela neurriak hartzea egoera txarrera egin baino lehen. «Oraingoz Bilboko egoera ez da Donostiaren parekoa, baina argi dago udal araudia berandu heldu dela, ostalaritzarekin gertatu zen bezala. Bilbo turismodun hiria izatea nahi dugu, baina ez soilik hiri turistikoa. Soilik zerbitzu sektorearen aldeko apustua oso arriskutsua eta kaltegarria da. Ordu bakoitzeko bi euro eta erdi ordaintzen ari dira lau orduko kontratuetan, nahiz eta askoz ere ordu gehiago sartu».

Bidegorria eta parte-hartzea

Beste alde batetik, EH Bilduk Espainiako Garapen Ministerioari Bilbo eta Getxo batzen dituen bidegorria eraikitzea eskatzea proposatuko du.

Aldi berean, EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen udal taldeek Basurtuko Material Inflamables enpresaren eraikinaren inguruan prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea eskatuko dute. Bertan komisaldegi bat jarriko da, baina libre geratzen den espazioarekin zer egin prozesu parte-hartzaile baten bitartez erabakitzea eskatuko dute hiru udal taldeek.