NAIZ
BASAURI

Basauriko kartzelatik osasun zentrorainoko giza katea egin dute, preso gaixoen egoera salatzeko

Ehunka lagun bildu dira larunbat honetan Basaurin bertako espetxetik osasun zentrora arte luzatu den kilometro bateko giza katean parte hartzeko. Preso gaixoen eta, bereziki, Ibon Iparragirreren egoera salatu dute, hauen osasun eskubideak onartuak izan daitezela aldarrikatuz.

Giza-katearen hasiera. (@sare_herritarra)
Giza-katearen hasiera. (@sare_herritarra)

Enegarrenez, euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketen aurka kalera atera dira ehunka lagun Sarek deituta. Bereziki, larriki gaixorik dauden presoen askatasuna aldarrikatu dute larunbat honetan Basauriko espetxea eta osasun zentroa batu dituen giza-kate batean.

Preso hauei, gaixotasunaren ondorio guztiez gain, urrunketa ezartzen zaiela salatu dute: «Mendeku bikoitzarekin topatzen gara beraz, presoen senideengan gauzatzen den mendekuarekin».

Batez ere, baina, Ibon Iparragirreren kasuarekin agertu da kezkatuta hedabideen aurrean Joseba Azkarraga Sareko eleduna, aipatutako mendekuaren adibide dela iritzita. Mediku txostenen aurka espetxean mantentzen dutela salatu du, eta «noiz arte?» galdetu. Azkarragaren esanetan, espetxean igarotzen duen egun bakoitzeko «gertuago» dago presoa heriotzatik.

Zentzu horretan, osasunerako eskubidea oinarrizko eskubide bat dela aldarrikatu du, eskubide unibertsal bat, pertsona guztien zaintza bermatu behar duena «preso egon edo ez». «Auzitegiek ezarritako kondenek askatasuna ukatzen diete, baina ez osasunerako eskubidea; gutxiago bizitzekoa», adierazi du Azkarragak.

Zentzu horretan, larriki gaixo dauden presoak askatzea direktiba europarrarekin bat egitea dela azpimarratu du, eta ez «amore ematea».

«Gorrotoari, mendekuari, errebantxari» aurre egin eta «askatasunari, konponbideari eta elkarbizitzari» ateak irekitzeko deia egin du, eta herritarrei dei horretara gehitzeko galdegin die. Hilaren 9an Parisen garatuko den ekimena izan du aipagai zentzu horretan. «Humanitatearen, duintasunaren eta legearen» deitu ditu herritarrak.