NAIZ
PARIS

Autoarekin militar batzuk harrapatzen saiatu da gizon bat Frantziako Isere eskualdean

Bere autoarekin kuartel baten kanpoaldean korrika ari ziren militar batzuk harrapatzen saiatu da gizon bat Varces-Allières-et-Risset herrian, Isere eskualdean. Erasotzaileak ez du inor zauritu eta segidan alde egin du, baina ordu batzuen buruan atxilotu egin dute, Grenoblen.

Varceseko kuartelaren inguruan gertatu da erasoa. (Jean-Pierre CLATOT/AFP)
Varceseko kuartelaren inguruan gertatu da erasoa. (Jean-Pierre CLATOT/AFP)

Goizeko 8.45 aldera, Isere eskualdeko Varces-Allières-et-Risset herriko kuartel militarraren inguruan footing egiten ari ziren soldadu batzuen aurka jo du gizon batek bere autoarekin, AFP berri agentziak zabaldu duenez. 

Militarrek kolpea saihestea lortu dute, albo batera jauzi eginda. Ez da inor zauritu, eta erasotzaileak segidan alde egin du.

Benoît Brulo koronelak, Lurreko Armadako bozeramaileak AFPri esan dionaren arabera, militarren aurka jo aurretik beste batzuei irain egin die. «Footing egiten ari ziren sei-zazpi militarrei mehatxu egin die ahoz, gero irain egin die korrika egitera atera behar zuen beste militar talde bati, baina bistaz galdu dute. Itzuli direnean, haien aurka jo du autoarekin», azaldu du.

Polizia frantsesak operazioa jarri du martxan erasotzailea harrapatzeko eta segurtasun perimetroa ezarri du kuartelaren inguruan. Soldaduek autoaren matrikula hartzea lortu dute. Gizona Grenoblen atxilotu dute ordu batzuen buruan, AFP agentziak adierazi duenez.

Bertako fiskalak esan duenez, gertaerak ez omen du zerikusirik «terrorismoarekin»; gizona mozkortuta zegoen.

Gaur bertan, joan zen ostiralean Carcassonnen eta ondoko herri batean ustezko jihadista baten erasoaren ondorioz hil ziren lau pertsonei azken omenaldiak egin dizkiete frantziar agintariek. Estatu Islamikoak hartu zituen bere gain erasoak.