Idoia Eraso
SARA
Entrevista
MAIALEN HEGI-LUKU
IDAZLEA

Maialen Hegi-Luku: «Bipolaritate krisien irudikapen bat egiten dut, protagonista delarik mintzo»

Aurtengo Gazteluma sariaren irabazle denak, bere esperientzia oinarri hartuta, irakurlea nahasmendu bipolarraren munduan sartzen duen eleberria argitaratu berri du.

«Girgileri anderea» eleberriak zer kontatzen du?

Munia izeneko pertsonaiaren ibilbide barreiatua da, tarteka kaotikoa. Protagonistak nahasmendu bipolarra du, eta eritasun mentalen mundua ezagutuko du. Psikiatriaren munduaren ezaugarri batzuk kontatzen ditut, hala nola tratamenduak, psikiatrikoak, artatzaileak…

Kontakizuna pertsonaia ezberdinen ikuspegitik egitea deliberatu duzu.

Pentsatu dut ikuspegi sorta bat bezala. Bi narrazio mota ditu, tarteka protagonista da mintzo, bere barneko esperientziarekin, bereziki bere bipolaritate krisien irudikapen bat egiten dut. Bestetik, beste pertsonaien irudipenak edota sentimenduak daude.

Formatuaren bitartez nahi izan dut gaiaren funtsa ere tratatu. Pentsatu dut obra literario eta piktoriko bezala; zati bakoitzeko ilustrazio bat agertzen da. Nihaurrek egin ditut, idatzi arau enbeia sartu zait ilustrazioen egiteko, eta pentsatzen dut batak bestea elika dezakeela.

Nahiz eta fikzioa izan, zure esperientzia pertsonalean oinarritua da.

Bai, nire ibilbidean zehar ezagutu ditut pertsona batzuk nahasmendu bipolarra ezagutu dutenak, edo barnetik bizi izan dutenak. Pentsatzen dut horrelako eritasuna ez dela bakarrik eriarena, ingurukoena ere badela; familiarena, lagunena, eta nola ez, artatzaileena. Esperientzia hori bizi izan dut, ikusle bezala, eta pertsona diagnostikatu bezala, eta horrek sortu dit zinez behar handi bat ulertzeko gertatzen zena saltsa horretan guztian, zerbait egiteko artistikoa, berria, eritasun horren aipatzeko.

Eta egun oraindik buruko eritasunen inguruan dauden tabuak hausten laguntzeko?

Bai, bazen gogo hori, baina bazen ere lilura bat eritasunarekiko, interes handi bat ase eta adierazi beharra. Hautu bat zerbait kontatzeko.

Zer kontatzeko zehazki?

Ze inarrosaldi edo astindu sentitzen den horrelako berri bat jakitean, ze inarrosaldi jendarteak duen ikuspegia jakinik. Nola hartzen den hori dena eta entseatzen den norbere burua asumitzen, aitzin uste eta zailtasun horien arabera.

Gazteluma saria irabazi duzu. Nola hartu zenuen berria?

Niretzat biziki inportantea izan zen, konfiantza eman zidan; saria irabaztea aitorpen bat da, eta hori behar nuen aitzinatzeko. Laguntza ederra izan zen idazkeraren aldetik, eta laguntza ekonomikoa.

Harrera ona ikusirik, proiektu berririk baduzu?

Gogoa bai, baina proiektu zehatzik ez oraindik. Nahi nuke idazten eta marrazten segitu, hori argi da, baina zinez engaiamendu handia da horrelako proiektu batean sartzea; hortaz, ikusiko dut.