Ariane KAMIO
DONOSTIA

Pop!

Pop Art amerikarraren artista esanguratsuenen obrak biltzen ditu «Pop Pop Pop American Pop Art» erakusketak Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Irailaren 30era bitarte ikusgai.

Artea eta errealitatea bat. Campbell zopa ontziak, Marilyn Monroeren argazki seriea, “Love” sorkuntza... Dadaismoaren funtsari helduta, artearen izaera elitista amaiarazi eta berdintasunera bultzatu zuen lehenengo Britainia Handian sortu eta gerora Ameriketako Estatu Batuetan sendotu zen Pop Art mugimendu artistiko ikonikoak. Goi eta behe kultura artaziekin moztu eta lerro berera ekarri zituzten hainbat artistak, artea eskuragarri ez zeukan jendeaganaino iritsiz. Mugimenduaren jatorrian dira publizitate kanpainak edo komikiak, sortzaile askoren ernamuin artistikoa berau. Hain zuzen, 50eko hamarkadan du sorburua, espresionismo abstraktuari aurre egiteko arte korronte berri gisa, hura estilo huts eta elitista zela iritzita.

Pop artearen bost artista esanguratsuenen obra nagusiak bildu ditu orain Donostiako Kubo Kutxa aretoak, eta haien lanak ikusgai izango dira gaurtik irailaren 30era bitarte. Andy Warhol, Robert Rauschenberg, Roy Lichtenstein, Keith Haring eta Robert Indiana ditu protagonista.

Pop arteak 60ko hamarkadako AEBetako kultur giroaren ezaugarriak izan zituen inspirazio iturri. Kapitalismoa ia modu kontrolaezinean hedatzen ari zen garaia zen, ekoizpen masiboa, Hollywoodeko izarren gorakada, Gerra Hotza eta teknologien aurrerapena afera nagusi izanik. Egoera horretan, arteak ere esklusibitatea izateari utziko dio, eta berdintasunerako bidea hartuko du.

Erakusketa pop artearen irudi ikoniko batzuekin hasten da, adibidez, Warholen beraren “Flowers” lanarekin, Robert Indianaren “Olerkien liburu”-ko seriearekin –“Love” klasikoa barne– edo “American Flag”-ekin, AEBetako kulturaren elementu sinboliko ahaltsuenetako bat, Roy Lichtensteinek egina.

Andy Warhol da Pop Art mugimenduaren ikono nagusietakoa. 1928an sortu zen Pittsburgen, Poloniatik AEBetara joandako etorkin familia batean. «Txikitatik izan zituen hainbat idolo. Shirley Temple izan zen lehenengoa, baita Truman Capote ere, hartaz zeharo maitemindurik egon zen... eta gerora etorri ziren Marilyn Monroe eta John Fitzgerald Kennedy», adierazi zuen atzo Lola Duran komisarioak. Erretratuak egin zituen zinema izarren prentsako argazkiak eta publizitate irudiak abiapuntutzat hartuta eta horixe izan zen haren ekoizpeneko gai adierazgarrienetako bat. Azken bi horien erretratu aski ezagunak ikusgai daude Donostian. «Warhol mitomano bat zen. Figura asko miresten zituen eta bere burua ere mito bihurtu zuen. Hipokondriakoa zen, obsesiboa, eta Marilynen heriotzak gogor kolpatu zuen. Hortik abiatuta egin zuen hain ezaguna den seriea».

Auzi politiko eta sozialekin konpromiso berezia erakutsi zuten Pop Art mugimenduko artistek, eta AEBetan bizi zen ikuspuntu baikorrari kontrako adierazpideak eman zizkioten. Warholek berak aulki elektrikoa elementu nagusi duen lana egin zuen, heriotza zigorrari kritika gisa. «Heriotza zigorraren kontrako alegatua egin zuen. Berak bazeukan aulki elektriko bat etxean eta bertan esertzen zen beldurrezko filmak ikusten zituenean. Aulkia bera testuingurutik ateratzeko gai izan zen», kontatu zuen Duranek anekdota gisa.

Publizitatearen alorrean izan zituen aurrekariak Warholek. «Dirutza irabazten zuen publizitate kanpainak egiten, baina berak artera bideratu nahi zuen bere ibilbidea. «Bere artelanak saltzen publizitate kanpainetan irabaz zezakeena baino hamar aldiz gutxiago poltsikoratzen zuen, baina nahiago izan zuen bide horretan jarraitu».

Pop artean sarri errepikatzen den beste gai bat “natura hila”-rena da. Ez zaizkie interesgarri egiten bodegoi edo natura hiletako frutak, zerbait zirikatzaileagoa eta hurbilagoa baizik. Horren eredu dira Warholek Campbell zopa ontziekin egindako lanak, bere amak etxean pilatzen zituenak. «Etxean zituen gauzekin hasi zen artea egiten, eta Campbell zopa ontziena da eredu nagusia». Roy Lichtensteinek natura hil modernoak egin zituen: kolore primarioen gamarekin irudiak trazu beltz sendoz profilaturik eta haren bereizgarri diren Benday puntuez itzalak sortuz, estilo erabat berri eta propioa osatu zuen.

Lichtensteinek eraman zuen AEBetako bandera, herrialdeko ikono nagusia, artelanetara. Benday puntuez ordezkatu zituen banderan agertzen diren izarrak –«erraz identifikatzen dira»– eta marrak diagonalean eta gora begira jarri zituen, «bandera munduari begira jarriko balu bezala». Hura da, Lola Duranen arabera, bere lanik politikoena. Gerra ere, kasuan komikiaren bidez irudikatua, Lichtensteinen lanetan oso presente dago.

Robert Indianari, beste pop artista batzuei bezala, kontsumo kultura baino gehiago estatubatuarren nortasuna eta kultura axola zitzaizkion eta, are nabarmenago, amerikar ametsa deiturikoa. «Love» hitzarekin egin zituen lanak irudi adierazgarri bihurtu ziren. Hala nola, Alderdi Demokrataren jarraitzaile izaki, Barack Obamaren aldeko kanpainan erabili zuen irudi berbera, «love» hitza, «hope» hitzarekin ordezkatuz. «Itxaropena eta maitasuna zabaldu nahi izan zituen».

Indianaren alderdi poetikoa agerian uzten duen obra ere bildu du Kutxa Kubo aretoak, baita kultur arloari lotuta osatu zituen kartelak ere. «Guztiek izan zuten konpromiso sozial eta politiko oso sakona».

Robert Rauschenbergen obran ikerketak garrantzi handia izan zuen. «Beraren ustez, arteak mundua alda zezakeen». AEBetako artea iristen ez zen lekuetara iristen ahalegintzen zen eta tokiko elementuekin artelanak egiten zituen. Kasu esanguratsuenetako bat Berlinen jazo zen. «Ekialdeko Alemanian egin nahi zuen erakusketa bat, baina garaiko agintariek ukatu egin zioten aukera. Azkenean, Berlingo harresia eraitsi zenean egin ahal izan zuen».

Keith Haringen lanak Kubo Kutxa aretoko bigarren solairuan bildu dituzte eta sortzaileak heriotzarekin zuen obsesioaren isla da “Apocalypse” seriea. Bertan, Leonardo da Vinciren “Gioconda berreskuratu zuen. Lan horietan ironia garratzez familia, erlijioa edo artea aipatu zituen, eta munduaren amaiera iragartzen duen gaixotasun gisa irudikatu zuen hiesa. «Haring hiesaz kutsatu zen eta bere ustez gaixotasun hura beraren eta gizartearen akabera izango zen. Eritasunaren berri ematen eta behar zutenei laguntzen jardun zuen urte askoan».

Gainjarritako irudien errepikapen eta erabilera ezaugarri dituen mugimendu honetan, artistek aitzineko sortzaile handien lanen ikuspegi berri bat ere erakutsi nahi izan zuten. “Picasso” obran, Indianak Malagako sortzaileari egin zion gorazarre eta antzeko zerbait gertatzen da Warholek Boticcelliren “Santa Apolonia”-rekin egin zuenarekin.