GARA
DONOSTIA

GEDen hurrengo galdeketetan aurrez bozkatzeko epea ireki da

Hiru aste besterik ez dira falta azaroaren 18an Gure Esku Dagok Donostian egingo duen galdeketarako, eta hautetsontziak bertan dira jada. Atzo aurkeztu zituzten, Aquariumean egindako ekitaldian. Bestalde, gaur ireki da aldez aurretik bozkatzeko epea Donostiako, Irungo, Zallako, Balmasedako eta Alonsotegiko herritarrentzat.

Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegi izango dira GEDen galdeketa jasoko duten hurrengo herriak. Azaroaren 18an aterako dituzte hautetsontziak kalera, baina galdeketa egunaren aurretik botoa eman nahi dutenek ere horretarako aukera izango dute gaurtik aurrera.

GEDek Donostian erabiliko diren hautetsontziak aurkeztu zituen atzo eguerdian Aquariumean egindako ekitaldian. Hiriko eragile sozial, kultural eta politiko ugarik babestu zuten ekimena, eta bertan izan ziren, besteak beste, Andoni Etxebeste Gipuzkoa Buru Batzarreko kidea eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia.

Ekitaldiaren aurretik, kalejiran ibili ziren Alde Zaharrean eta Bulebarrean, ikurrin erraldoi bat haizatuz.

«Ariketa demokratikoa»

GEDek Herritarron Ituna deituriko erabakitzeko arrazoien bilduma entregatu du asteon Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. 2019 arrazoi bildu zituzten guztira, eta atzoko ekitaldian esan zutenez, «horrek argi islatzen du euskal herritarron erabakitzeko nahia, ilusioa eta konpromisoa; baina arrazoi horiek guztiak, batez ere, erabakitzeko beharraren adierazle dira».

«Behar horri erantzuteko» asmoa iragarri zuten Aquariumean, eta herritarrek erabakitako etorkizun baten norabidean «pausoak emateko» ardura hartu zuten beraien gain.

Horrez gain, datozen herri galdeketak «garrantzi handiko ariketa demokratikoak» izango direla adierazi zuten, «herritarrak ahalduntzeko» balioko dutelako batetik eta, bestetik, Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko balizko erreferendum bati begira «entsegu garrantzitsuak» izango direlako.

Erronka

GEDentzat erronka esanguratsua izango da Donostiara hautetsontziak ateratzea, galdeketa jasoko duen lehenengo euskal hiriburua izango baita. Horrek «gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria» eskatuko dio antolakuntzari. Hala ere, atzo adierazi zutenez, Donostiako galdeketa «pauso eraginkorra» izango da aurrerago «sor daitezkeen agertokiei begira».

Hiriburuko galdeketarako hiru aste falta diren arren, Donostia Galdeketa plataformak urtebete dihardu erabakitzeko eskubidearen alde lanean, eta urrats garrantzitsu batzuk eman ditu jada: galdeketa babesteko 9.500 donostiarren sinadura jaso zuten lehenengo eta, ondoren, galdera adostu zuten prozesu parte-hartzaile baten bidez: «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?»

Aquariumean aurkeztutako hautetsontziak Donostiako hamalau auzotan banatu dituzte (Amara, Amara Berri, Aiete, Alde Zaharra, Altza, Antigua, Añorga, Bidebieta, Egia, Erdialdea, Gros, Intxaurrondo, Loiola eta Martutene), eta auzoetan edo GEDen egoitzan eman ahalko da aurretiazko botoa. Azaroaren 18an, berriz, 37 hautesleku irekiko dituzte hirian barrena.

«Bihar instituzioek galdetu diezaguten, erakutsi nahi dugu jendetza dagoela galdera horri erantzuteko prest. Plazara aterako dugu estatus politikoaz gogoeta egiteko beharra», esan zuten, eta bozketaren pistola-tiroa aireratu: «Hasi da Donostiako galdeketa!».