
Bilboko Udalak ohar baten bidez gogoratu duen bezala, Casilda de Iturrizar Urquijo (1818-1900) emakume «nabarmena» izan zen. Jatorri xumekoa zen eta gizartean gora egitea lortu zuen; horren ondorioz, bere ingurukoen bizimodua hobetzeko kezka izan zuen. Hori dela-eta, eta bere negozioen ardura ahaztu barik, ondasunak gorde eta areagotu zituen. Gero, ondasun horiek behartsuenei edo behartsuen erakundeei utzi zizkien.
Jatorri apalean sortuta, Tomás José de Epalza senarrak utzitako ondasun handia kudeatu zuen XIX. mendearen azken laurdenean eta hiriko elite sozial eta ekonomikoaren parte izan zen. Hil zenean, zazpi milioi pezetatik gora utzi zituen testamentuan. Udalaren arabera, diru hori, sarritan, «ongintzako» lanetan erabili zen, batez ere gizonezkoen eta emakumezkoen prestakuntza eta aukerak hobetzeko. «Helburua ez zen limosna ematea, baizik eta baliabideak eskaintzea bere inguruan berea bezalako zorterik ez zeukaten pertsonen hazkunde pertsonalerako».
Testamentuan, onuradunen artean daude Bizkaiko Ume Abandonatuen Etxea, Erruki Etxea, neska umezurtzentzako ezkonsariak, Ospitale Zibila, Mariaren Bihotzaren misiolariak, elizako ikasketak eta ikasketa zibilak egiteko bekak, neska umezurtzak…
Casilda gogoratzen duten bi leku daude Bilbon, Epaltzaren alargunaren kalea eta Casilda Iturrizar parkea.
Liburuaren aurkezpenean izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendaria eta liburuaren egilea, Eduardo J. Alonso Olea. Aburtok hurrengoa nabarmendu du Casilda Iturrizari buruz: «ahalegin handia egin zuen bere ondasunak ongintzarekin lotutako erakundeei, elizari edo beste erakunde batzuei uzteko, beti ere helburu sozialetan erabiltzeko konpromisoa bazeukaten. Diru hori jasoko zuten pertsonen etorkizuna hobetzen saiatu zen beti».
Beste alde batetik, Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak Casilda Iturrizar andrearen figurak irakaskuntzan izan duen garrantzia azpimarratu du. «Bere ekarpena, beste askoren artean, baina adibide bat jartzeko, ezinbestekoa izan zen hezkuntzaren arloan eta gaur egun, zenbait mende geroago, Epaltzaren alargunaren bekak eta Castaños auzoan bere izena daraman ikastetxe publikoa hor daude».
Bilbogileak-Memoria de Bilbao bilduma
Bilbogileak bildumaren xedea historian itzala utzi zuten gizon eta emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartzea da. Iragana zorroztasun historikoaz baina modu atsegin eta erakargarrian landu nahi dute liburu-sail horretan, irakurlearentzat liburua abentura pertsonala izanik. Udalak azaldu duenez, ideologia guztietako pertsonaiak azaltzen dira Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako orrialdeetan; ikuspegi zabal eta integratzailearekin; artearen, politikaren, zientziaren edo kulturaren mundukoak; «bihar-etziko belaunaldietarako eredu eta erreferente etikoak izango direnak».
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
