NAIZ
IRUÑEA

Euskal Herriko langabezia-tasa %9,44koa da, Gaindegiaren arabera

2018ko laugarren hiruhileko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %9,44koa da, aurreko hiruhilekoan baino 0,16 puntu altuagoa, Gaindegiak jakinarazi duenez. Euskal Herrian 141.800 langabe daudela adierazi dute. 

Lanbideren bulego bat Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Lanbideren bulego bat Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eustaten datuen arabera, Euskal Herrian langabezia-tasa 0,51 puntu handitu da eta %9,87an kokatzen da. Gaindegiak azpimarratu du herrialde mailan joera ez dela «homogeneoa izan», INEk jasotako datuek erakusten dutenez, Bizkaian (+0,59) eta Nafarroan (+0,34) gora egin duen bitartean, gainerako herrialdeen langabezia-tasa jaitsi egin baita.  

INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, azken hiruhilekoan langabezia-tasa Araban (-0,60) eta Gipuzkoan (-0,19) jaitsi egin da. Eustateko datuek, aldiz, bi herrialdeotan langabezia-tasa igo egin dela jasotzen dute, +1,0 Araban eta +0,90 Gipuzkoan.

Gaindegiak nabarmendu du aintzat hartu behar dela langabetuen zein biztanleria aktiboaren kopuru gordinak gora egin duela Euskal Herrian. «Bilakaera hau urteko azken hiruhilekoak adierazi ohi duen joera da, ekonomiaren estazionalitateari erantzuten baitio», azaldu dute. Hala, Euskal Herriko langabetu kopurua eta biztanleria aktiboa 141.800 eta 1.502.000 dira, hurrenez hurren. 

Euskal Herriko lurraldeen arteko langabezia-tasa altuena Bizkaiak dauka (%11,47) eta, ostera, Ipar Euskal Herriak, Gipuzkoak eta Arabak dute tasa apalena (%7 ingurukoa). 

Europako Batasunean ere langabezia-tasak gora egin du (+0,20), Euskal Herriko igoeraren maila berean. Hala, bi lurraldeen arteko aldea ez da gutxitu. Gaindegiak nabarmendu du Euskal Herriko langabezia-tasak Europar Batasuneko batez bestekoa baino 2,7 puntu handiagoa izaten jarraitzen duela.