Xabi ZALBIDE

Nagia, su gurutzatua ikusten dudanean A-8aren alde bietatik

Badut konfiantza Iribarren errezetan, aurrez aurrekoan. Eta badut konfiantza, askotan gizalegea eta begirunea erakutsi diogulako elkarri, su gurutzatua barik.

Oyarzabal marca a puerta vacía, perseguido por Ibai. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Oyarzabal marca a puerta vacía, perseguido por Ibai. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Nagia. Egundoko nagia. Nagi itzela. Horixe sentitzen dut derbiaren ondorengo aste honetan sare sozialetara sartu eta oraindik su gurutzatua ikusten dudanean A-8aren alde bietatik. Izan ere, daborduko euskal derbi, derbiaurre eta derbioste askotxo ikusita nago –euskal derbietako batez nabil, ‘periferiatik’ ederto gogoratzen dutenez− eta aitortu behar dut nekatuta nagoela horren inguruan sortzen diren ika-mika gehienekin eta, orokorrean, futbolkeria hegemonikoarekin. Bai, badakit lehia futbolistikoak berezko duela elkarren ondoan bizi diren taldeetako zaleen arteko polemika eta eztabaida. Jakina, bada. Horrekin bizi eta hazi gara; nik neuk ondo gogoan dauzkat txikitan aitak Urola aldeko gure senideekin trukatzen zituen txantxak eta zirikadak, hortxe, oroitzapen goxoen tiraderan gordeta. Baina hortik batzuek nahita hauspotu eta askok akritikoki irensten duten areriotasun zatarrera koskatxo bat dago, eta horrexek kezkatzen nau, hain zuzen ere: irensteak eta amarruak funtzionatzeak.

Esaten zuen lehengo batean Jose Angel Iribarrek, elkarrizketa luze batean, euren sasoian ere Realaren eta Athleticen arteko giroa gaiztotua zegoela, are jokalarien artean. Zarauztarrak, erraldoia denez zentzu guztietan eta arazoa konpontzearren, topaketa ludogastronomiko bat –zer bestela− antolatu zuen eta aurrez aurre topatzeak arteztu ei zuen orduan oker zebilena. Ez da berria ezinikusiaren kontua, beraz. Baina nago gure garaiotan ezinikusi horren soka gehitxoago luzatzen dela, gure miseriak idatziz aireratzeko baliabideen ugariak lagunduta eta, sarritan, anonimoaren ausardia baragarriaren abaroan.

Etsigarria da ikustea nola urteak joan diren eta berdinetan gabiltzan, baina itxaropena ez dut galtzen, hala ere. Badut konfiantza Iribarren errezetan, aurrez aurrekoan. Eta badut konfiantza, askotan gizalegea eta begirunea erakutsi diogulako elkarri, su gurutzatua barik. Eta futbola ez delako inola ere dirudien bezain garrantzitsua. Eta denok dakigulako nortzuk diren −futbola aitzakia hartuta− helburu politiko jakin batekin probintzianismoaren sua kitzikatzen dutenak.