NAIZ+

Euskararen aldeko bideoak, munduko bazter guztietatik gurera

AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak bigarrenez antolatu dute mundu osoko euskara ikasleen arteko bideo lehiaketa. Txiletik, Argentinatik, Sydneytik edo AEBtako San Frantziskotik iritsi dira euskararen aldeko aldarriak. 

argentina
argentina

Zortzi egun besterik ez dira falta euskararen aldeko lasterketa abian jartzeko eta hortaz, han eta hemen, motorrak berotzen ari dira Korrikaren etorrerari ongi etorria emateko. Datorren apirilaren 4an hasiko da arineketan Garesen, euskararen aldeko aldarria euskal errepideetara eramanez. Lasterketaren oihartzuna, haatik, Euskal Herritik kanpo ere entzuten da eta AEK eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker Korrikaren eta euskararen lekukoa nazioarteko toki ezberdinetara heltzen da. Munduan barrena hamaika Korrika txiki antolatuko dira asteotan eta hitzordu hauen aitzakian beste hainbeste jarduera izango dira nazioarteko hainbat unibertsitate eta Euskal Etxetan.

Korrikaren atarian, baina, bada gure arreta erakarri duen beste egitasmo bat: mundu osoko euskara ikasleen arteko bideo lehiaketa. AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak bigarrenez antolatu dute txapelketa hau eta jasotako bideoetan euskararen aldeko aldarriak entzun daitezke munduko txoko ezberdinetatik.

Bi kategoria ditu lehiaketak; batetik, munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoek osatzen dutena, eta bestetik, nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik igoritakoek osatzen dutena. Guztiak daude ikusgai AEKren YouTubeko kanalean eta apirilaren 7a arte hauek bozkatzeko aukera izango da.

Hamarnaka bideo daude dagoeneko eskura. Dagoeneko Txiletik, Argentinatik, Sydneytik, AEBtako San Frantziskotik edota Madriletik iritsi dira euskararen aldeko mezuak.  

Kategoria bakoitzean atsegite gehien eskuratzen duten bideoen protagonistek udan Euskal Herriko barnetegi batean egonaldia egiteko aukera irabaziko dute, euskararen ikaskuntzan sakondu eta Euskal Herria ezagutzeko.

Hemen ikusgai jasotako bideo batzuk. Denak ikusteko AEKren YouTubeko kanala.