NAIZ
Noain

Irunberrin gertaturiko lan-istripu hilgarria deitoratu dute Josenea enpresaren aurrean

Astelehenean Irunberrin traktore batekin lanean ari zela 62 urteko langile bat hil zen. LABen kontuen arabera, urtea hasi denetik Euskal Herrian 27 behargin hil dira lanean zebiltzala.

Josenea Lan Elkarteak Noainen duen egoitzan egin dute elkarretaratzea.(Iñigo URIZ/FOKU)
Josenea Lan Elkarteak Noainen duen egoitzan egin dute elkarretaratzea.(Iñigo URIZ/FOKU)

Traktoreak harrapatu zuen astelehenean 62 urteko langile barañaindarra, bertako atoitik zama kentzen zebilela. Josenea Lan Elkarteko langilea zen eta azken lan-istripu hilgarri hau deitoratzeko enpresak Noainen duen egoitzaren parean elkarretaratu da gehiengo sindikala.

Lan-ezbeharrak lantoki eta enpresetatik desagerrarazteko eskakizuna egin dute bertan elkartu diren langileen ordezkariek. Era berean, bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi izan diete senitarteko eta hurbilekoei.

Ikerketa zehatza exijitzen du LABek

Ezbeharra gertatu eta hurrengo egunean, gaurko mobilizazioa iragartzeaz gain, LABentzat bereziki kezkagarria izan zen azken istripu hau, «enpresaren ezaugarriak eta Nafarroako Gobernuak ematen dizkion laguntza publiko garrantzitsuak ikusita». Hortaz, gertatutakoaren ikerketa zorrotza eskatzen du eta bertan erabiltzen den tresneria, makinaria eta arriskuen prebentziorako plana zehatz ikertzea exijitzen du.

Izan ere, gogoratu zuen, martxoaren 29an Josenea konpainiako beste langile bat zendu zela, kasu hartan in itinere izandako istripuan. Lan arloan txertazeko laguntzarako enpresa da Josenea Lan Elkartea.

LABen datuen arabera, urte hasi denetik jada 27 langile hil dira Euskal Herrian eta zehaztu zuen horietatik zortzi Nafarroan gertatu direla.