NAIZ
GASTEIZ

11/13 makroepaiketa bertan behera gera dadin aldarrikatu du gehiengo sindikalak hiriburuetan

Elkarretaratzeak egin dituzte gehiengo sindikaleko ordezkariek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. «Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna» lelopean egin dira mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Bilbon egindako elkarretaratzea. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Bilbon egindako elkarretaratzea. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean 11/13 makroepaiketa bertan behera gera dadin aldarrikatzeko. 47 herritar daude auziperatuta eta 601 urteko kartzela eskariei egin behar diete aurre euskal presoen eskubideak babesteagatik.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Donostiakoan hartu du parte. Komunikabideen aurrean adierazi du «makroepaiketa berri baten atarian gaudela eta lehenik eta behin, gure elkartasun, babes eta maitasun osoa adierazi nahi diegu auziperatu guztiei eta euren ingurukoei».


Halaber, «epaiketaren motibazioa politikoa» salatu du. «Herri honek ibili nahi duen bidearen kontrako norabidean doan epaiketa da», gaineratu du LABeko idazkari nagusiak, eta «herri honetan gehiengoa garela bake eta bizikidetza demokratikoko egoera baten eraikitzearen alde gure ekarpena egiten ari garenak» ohartarazi du.

«Testuinguru honetan, epaiketa hau zentzugabekeria da, anakronismoa, eta geratu egin beharko litzatekeen prozesu judiziala», gaineratu du Aranburuk. Langileak makroepaiketaren aurrean deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez amaitu du, bereziki irailaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joateko eskatuz.

Imanol Pascual ELAko kideak Iruñeko elkarretaratzean parte harte du. Bertan «makrosumarioaren azken helburua preso dauden pertsonekiko elkartasuna kriminalizatzea» besterik ez dela salatu du. «Makrosumari hau aberrazio bat da ikuspegi demokratikotik aztertuta», azpimarratu du.

Eta auzia «testuinguruan» kokatu behar dela nabarmendu du, izan ere, bere iritziz, «honakoa ez da kasu isolatua, Espainiako Estatuak oinarrizko eskubideak urratzeko egin duen apustuaren beste froga bat baizik».