Ane URKIRI
Azpeitia

«47ak herrian geratzea» eta preso eta iheslariak «herrira itzultzea» eskatuko dute irailaren 14an

Irailaren 14an Bilbon egingo da 11/13 makroprozesuan auziperatuta dauden 47 euskal herritarrak babesteko mobilizazioa. Larunbat honetan egin dute Azpeitian manifestazioaren aurkezpena eta bertan izan dira Estatu espainolaren jazarpenaren jomugan egon diren 80 kide inguru.

Azpeitiako Sanagustin kulturgunean egin dute prentsa agerraldia.
Azpeitiako Sanagustin kulturgunean egin dute prentsa agerraldia.

«Ez genuen hainbeste jende espero, eskuetatik joan zaigu», adierazi dute larunbat honetan Azpeitiako Sanagustin kulturguneak jaso duen ekitaldiaren antolatzaileek. Irailaren 14ko manifestazioaren aurkezpen ofiziala egin dute. «47ak herrian, denak herrian» izango du lelo nagusi, 11/13 sumarioko auziperatuak herrian geratzeaz gain, preso eta iheslariak «herrira itzultzea» eskatuko baitute. Arratsaldeko 17.30etan abiatuko da La Casillatik.

11/13 sumarioko auziperatuek urte luzez lagundu diete Estatu espainolaren errepresioa sufritu dutenei eta larunbat honetan, hauek lagundutako kideek eta «bidelagun» izan dituztenek erakutsi diete babesa irailaren 16an Madrilen abiatuko den epaiketara begira.

Bertan izan dira Estatu espainolaren jazarpenaren jomugan egon diren pertsonak –euskal gizarte eta eragileak zigortu dituzten auzietan egondakoak, torturatuak, preso ohiak...–, presoen senideak, abokatuak, eta presoen aldeko lanean kide izan direnak (medikuak, sikologoak, Herrira mugimenduko partaide ohiak, etab.).

Laurogehi kide inguruk eskaini die babesa Azpeitiako agerraldian. Besteak beste, Martxelo Otamendi (Egunkaria auzia), Iñaki Uria (Egunkaria auzia), Miren Odriozola (Udalbiltza auzia), Oihana Agirre (Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzia), Karlos Trenor (18/98 auzia), Ion Telleria (Segi auzia), Ino Galparsoro (ANV auzia), Joseba Permach (Batasuna auzia), Idoia Ayastui (EHAK auzia), Amaia Izko (11/13 auzia), Mati Iturralde (medikua), Aitor Ibero (abokatua), Saioa Agirre (torturatua), Tomas Karrera (preso ohia), Mari Angeles Artola (erbesteratu ohia), euskal preso politikoen senideak, Ramon Oñederra GALen biktimaren senideak eta abar luze bat.

«Estatu espainola, kontrako norabidean»

«Errepresioaren sufrimendua arintzeko egin dugu lan, gizartea saretu dugu, errealitatea mahai gainean jarri eta mobilizazio erraldoiak antolatuz. Orain, jarduera politikoa zigortu dute», adierazi dute hitz hartu duten Haizea Ziluaga eta Imanol Karrerak, auziperatuen artean dauden bi herritarrek.

Bakea eta elkarbizitzarako berme nagusia gatazka konpontzea dela azpimarratu dute. Hortaz, jazarpenaren mina arintzeko helburuarekin urte luzez egin duten jardueragatik kondenatzeak, bakea eta elkarbizitzarako norabidea apurtzen duela ohartarazi dute. «Estatu espainola kontrako norabidean dago eta guk ez dugu uko egingo gure printzipio eta aldarrikapenei».

Giza eskubide, askatasun eta etorkizuna jomuga izango duen manifestazioa izatea nahi dute datorren irailaren 14koa. Hilabete hauetan jaso dituzten babes mezu guztiaz eskertu eta edonolako jazarpena jasaten duten kolektiboei babesa erakutsi die Ziluagak eta Karrerak, 47 auziperatuen izenean: «Presoei, deserriratuei eta hauen senideei; Altsasuko gazteei eta Katalunian jazarriak izaten ari diren pertsona guztiei; espetxe arriskuan dauden sindikalista nafarrei; jarraituak eta mehatxatuak izan diren migratzaileei; kolaborazio eskaerekin presionatu dituzten gazteei; azken asteotan jarraipenak eta miaketak salatu dituztenei; G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotu dituztenei, 500 laguneko zerrenda beltzean daudenei; jazarpen homofobo eta matxistak jasaten dituztenei... Finean, jazarpena eta injustiziak bizi dituzten guztiei gure babesa eta elkartasuna».

Antsoainen, elkartasun olatua

Hurrengo larunbatean, Antsoaingo herria bere elkartasuna erakutsiko die makroprozesu honen barnean auziperatuta dauden hiru antsoaindarrei: Imanol Karrera, Jon Garai eta Jaione Carrera.

Elkartasun olatua sortuko dute irailaren 7an eta egun guztian zehar ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Goizean mahai-inguru bat egingo duten eta bertan parte hartuko dute Alfredo Remirezek (@erreharria), Bel Pozueta (Altsasuko Gurasoak) eta Jaione Carrerak (11/13 auzia). Herri bazkaria eta gaupasa herrikoia nabarmentzen da egitarauan; izan ere, bi ekintza hauek garrantzitsuak izango dira makroprozesuak suposatzen duen gastu ekonomikoei aurre egiten laguntzeko.

Elkartasun olatua, olatu sinbolikoa, eguerdiko 12.45etan sortuko dute.