NAIZ

Hondarribiko Egiluz gaztetxean sartu da Ertzaintza

Hondarribiko Egiluz gaztetxean sartu da Ertzaintza eta barnean ziren gazteak kanpora atera ditu. Goizean goizetik Polizia autonomikoak Juan Laborda kalea itxi egin du eta gaztetxean zeudenei ateratzeko agindu die. Azkenean, atea bota eta barruan zeudenak atera dituzte.

Ertzainak Hondarribiko gaztetxearen atarian. (@hondarribikoga)
Ertzainak Hondarribiko gaztetxearen atarian. (@hondarribikoga)

Hondarribiko Egiluz gaztetxea husteko lanean aritu du gaur Ertzaintza. Eraikinaren barnean Gazte Asanbladako bi kide zeuden eta euren asmoa erresistentzia egitea zen, baina ertzainek atera egin dituzte.

Hondarribiko Gazte Asanbladako kideek gaurko zuten gaztetxea uzteko agindua baina uko egin diote agindu honi. Gauzak horrela, Ertzaintzak dispositibo handi bat paratu du Juan Laborda kalearen ertzetan goizeko ordu txikietatik. Inguruan Gazte Asanbladako kideak sostengatzeko hiritarrak ere bildu dira.

Goizeko seietan agertu dira Ertzaintzaren bi kotxe gaztetxearen inguruetara. Bi ordu geroago, Polizia autonomikoaren furgonetak azaldu dira. 9.00ak aldera gaztetxearen atarian joka hasi dira ertzainak, atea irekitzeko eskatuz. Ez dute erantzunik jaso, ordea. Horregatik, sarrailari bat deitu dute, gaztetxeko kideek sare sozialetan azaldu dutenez.

Honez gain, Egiluz gaztetxeko kideek salatu dutenez, Ertzaintzak gazte bati telefonoa kendu dio gertatzen ari zena grabatzen ari zelako. Beste gazte bat eremua ixteko jarri duten zinta ukitu duelakoan identifikatu dute, betiere gaztetxeko kideek azaldu dutenaren arabera.

10.30ak aldera ertzainak atea bota eta gaztetxe barrura sartu dira, barnean zeudenak salatuak izango zirela egotziz. 11.00ak aldera Egiluz gaztetxean zeuden gazteak kanpora atera dituzte eta ertzainak ere bertatik joan dira.