
ELA sindikatuak salatu du Mercabilbaon egoera «kritikoa» dela langileentzat eta «baita herritar guztientzat ere», koronabirusaren aurkako neurririk ez dagoelako. Estatuko iparraldeko handizkako banaketa-zentro handienetako bat izateaz gain, Mercabilbao Basaurin dago, Euskal Herriko kutsadura-gune nagusietako bat.
Alarma egoera deklaratu zenetik, ELA harremanetan jarri zen bertako agintaritzarekin prebentzio neurrien faltaz ohartarazteko. Sindikatuak azaldu duenez, «ez dago aforo-mugarik, ez eskudirutan ordaintzeko debekurik, ez langileak babesteko neurririk, ez salgaiak babesteko neurririk...».
Joan den martxoaren 15ean, agintariek edukiera mugatzera behartu zuten Mercabilbao. Ertzaintzak ibilgailuen sarrerak kontrolatzen ditu, baina ez du pabiloien barrualdea zaintzen. ELAk nabarmendu du hori dela orain arte hartutako neurri bakarra, eta herritarrei ezarritako gainerako gutxienekoak ez direla betetzen Mercabilbaoren barruan, hala nola pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia edo eskularru eta maskarak erabiltzea.
Hornitzeko arazoa
ELAren ustez, Mercabilbao koronabirusaren foku bihurtuko balitz eta jarduera etengo balitz, frutak, barazkiak eta arrainak hornitzeko «arazo larria» egon liteke. Horregatik, sindikatuak Bilboko Udalari, Mercabilbaoren %60aren jabeari, bere jokabidea birplanteatzeko eta «alarma-egoera honetan dagokion erantzukizunarekin jardun dezala» eskatu dio.
Alarma egoera ezarri zenetik, elikagaien hornidura bermatu dute Mercabilbaok eta Mercairuñak.
Mercabilbaoren erantzuna
Ohar baten bidez, Mercabilbaok jakinarazi du «merkatuak une oro jarraitzen dituela Euskadiko osasun eta segurtasun agintarien aholkuak, eta horrela bideratzen dizkiela bere instalazioetan lan egiten duten pertsona guztiei». Gainera, enpresak gahitu du «produktuen hornikuntza ziurtatuta dagoela, eta ez dagoela hornidura barik geratzeko arriskurik».
Mercabilbaok, Lakuako Osasun Sailak, Basauriko Udaltzaingoak eta Fruta eta Ortuari Handizkarien eta Txikizkarien Elkarteek adostutako kontrolerako neurri berriak gehitu dituzte, hala nola metro bateko tartea postuen artean, sarbide espezifikoa Mercabilbaoko enpresetako langileentzat edo itxaroten dauden ibilgailuak Mercabilbaora sartzeko errepidean egon daitezkeen denbora tartea mugatzea.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

