NAIZ

Izaro online eta zuzenean, Victoria Eugenia antzokiko teilatutik

Zuzeneko kontzertua eskainiko du ostiral honetan Izaro abeslari Mallabiarrak Donostiako Victoria Eugenia antzokiko teilatutik. Emanaldia online jarraitu ahalko da, 19.00ean, Donostia Kulturaren Youtubeko kanalean.

Kontzertua sarean soilik jarraitu ahalko da. (NAIZ)
Kontzertua sarean soilik jarraitu ahalko da. (NAIZ)

Donostia Kulturaren DK Etxean dinamikaren barruan, Izaro abeslariak zuzeneko emanaldia eskainiko du ostiral honetan, 19.00etatik aurrera, Victoria Eugenia antzokiko teilatutik.

Kantari mallabiarrak hirukote formatuan eskainiko du kontzertua, Iker Lauroba (ahotsa eta gitarra) eta Garazi Esnaola (teklatuak) lagun dituela, eta Donostia Kulturatik zehaztu dute euren Youtube kanalean soilik ikusi ahalko dela kontzertua. Alegia, fisikoki inguratuta ere, kaletik ezin izango da kontzertua ikusi.

Izarok estreinatu berri duen ‘Tiempo ausente’ singlearekin hasiko du «sinbolismoz beteriko» ordu erdiko emanaldia. Abestia konfinamenduan sortu du mallabiarrak, itxialdiak eta bira bertan behera utzi beharrak sortu dizkion sentipenetatik abiatuta, eta bere jarraitzaileei eskaini die abestia.

Izan ere, bira martxoan abiatu zuen Izarok Mexiko Hirian eta bertan behera utzi behar izan zituen Buenos Aires, Santiago de Chile eta Donostiako Kursaal, Bilboko Euskalduna eta Iruñeko Baluarteko emanaldiak. Kantuan bertan bere jarraitzaileei abesten die: «Arima musukatu nahi dizuet antzokietan. Txiste txar pare bat inprobisatu. Urduri jarri, nire gaitz guztiak eman. Eta maitasuna, zentzutasuna eta bakea goian behean jaso», dio abestian.

Kontzertuaren bideo editatua igandean, maiatzak 10, 12.00etatik aurrera ikusi ahal izango da Donostia Kulturaren Youtube kanalean.