
HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskara mailak egiaztatzeko prozesuari ekingo dio berriz ere, azterketak covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz atzeratu ostean.
Deialdi irekiko probak (idazmena eta irakurmena) ekainaren 12 eta 13an egingo dira (Barakaldoko BECen), eta mintzamen probak uztailaren 20an eta 21ean (lurralde bakoitzean). Deialdi itxiko proben kasuan, konbalidatzen ez direnak ekainaren 15etik 18ra egingo dira, kasu guztietan BECen.
Ekainean zehar honako proba hauek egingo dira: B2 (deialdi itxia, hau da, euskaltegietako ikasleentzat), C1 (deialdi itxia), C1 (deialdi irekia, nahi dutenentzat) eta C2 (deialdi itxia).
Gasteizko Gobernuak ohar batean azaldu duenez, erabaki honen helburua da «euskaltegietako ikasleen premiei erantzutea eta etorkizun laburrean abian jarriko diren sektore publikoko lanpostuen eskaintzatan aurkeztuko diren herritarrei aukerak zabaltzea».
Euskaltegietako ikasleen deialdiko entzumen, irakurmen eta mintzamen-probak konbalidatu egingo dira, euskaltegian egindako ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortuz. Era berean, A1, A2 eta B1 mailak ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatuko dira, euskaltegietan, ohi bezala. Ezarritako egutegia aldagarria izango da, unean uneko premiek hala eskatzen badute.
14.000 lagun
Aurreikuspenen arabera, 14.000 pertsona inguruk parte hartuko dute proba horietan: B2 itxian, 3.500 lagun inguruk; C1 itxian, 4.500 lagun inguruk; C1 irekian, 5.500 lagun inguruk; eta C2 itxian, 350 lagun inguruk.
Proba hauek deitzeko ebazpenak azterketa-deialdietan matrikulatzeko epe hauek finkatzen ditu: 2020ko lehen deialdi irekian parte hartzeko matrikula egiteko epea datorren astean hasiko da, eta euskaltegietako ikasleei zuzendutako 2020ko lehen deialdiko matrikula egiteko epea 25etik 31ra egin ahalko dute ikasleek. Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutako deialdian parte hartzeko matrikulazio epea maiatzaren azkenengo astean hasiko da.
Azterketa-deialdien antolaketa
Koronabirusak eragina izango du azterketen antolaketan, izan ere «pandemiaren eraginez bizi dugun egoeraren aurrean, erabaki da azterketa-deialdiak egiteko prebentzio neurri zehatzak ezartzea, eta baldintzok betetzen dituen aztertoki bakar batean antolatuko dira azterketak, bai euskaltegietako ikasleen deialdiko idazmen-probak, bai deialdi irekiko probak».
«Horregatik, probok hiru lurraldeetan deitu beharrean, azterketa horiek guztiak Barakaldoko BECen egingo dira. Azterketariek bete beharko dituzte antolatzaileek zehaztutako prebentzio jarraibideak eta norberaren higienerako neurriak. Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutako deialdia era telematikoan gauzatuko da», gaineratu du Lakuak.
Halaber, deialdiok era osasungarrian kudeatzeko, eta bereziki osasun agintariek xedatutako neurriak jarri, bete eta betearazteko, Prebentzio batzorde bat antolatuko da. Batzorde horren osaketa izango da: HABEren ordezkaria, batzordeburu lanetan, Eusko Jaurlaritzako Prebentzio eta Osasun zerbitzuetako ordezkari bana, BECeko ordezkaria eta Bizkaiko garraio zerbitzuen ordezkaria.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
