NAIZ

Aukera berdintasuna babesteko, Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki dute

Hurrengo urtea hastearekin batera zen abiatzekoa Nafarroako Bertsolari Txapelketa baina, pandemia egoerak bertsolarien aukera berdintasuna bermatzea ezinezko egiten duela iritzita, atzeratzea erabaki du antolakuntzak. Data berria «pandemiaren bilakaeraren arabera» ezarriko da.

«Pandemiaren bilakaeraren arabera» erabakiko da data berria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
«Pandemiaren bilakaeraren arabera» erabakiko da data berria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2021eko urtarrila eta martxoa bitartean zen ospatzeko Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa baina, pandemia egoerak ekarriko lituzkeen ondorioak baloratu ostean, hitzordua atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Ohar bidez adierazi dutenez, «oinarriak kontsultatu eta egoera aztertu ostean» hartu da erabakia, Covid-19aren pandemiak eta hura kontrolpean hartzeko neurriek «egitasmoaren berezitasunak bermatzea zailtzen» dutelako eta «bereziki jartzen dute ezbaian txapelketaren oinarrizko irizpidea den aukera berdintasuna».

Elkartetik argudiatu dute segurtasun neurriak bermatzeak aukera berdintasuna kolokan jartzen duten egoerak sortuko lituzkeela. Adibidez, bertsolariak konfinatu eta txapelketan parte hartzeko aukera gabe gera litezke, saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak egon litezke edota saio batetik besterako aldaketak egon litezke saioaren beraren aforo eta ezaugarrietan. Gauza horrela, txapelketa urtarriletik martxorako epean ez egitea erabaki du elkarteak eta data berria «pandemiaren bilakaeraren arabera» erabakiko dela iragarri du.

Txapelketaz bestelako bertsolaritza

Txapelketarik egongo ez bada ere, kultura segurua dela nabarmendu nahi izan dute antolakuntzatik eta, beraz, bertsozaleek izango dutela bertsolaritzaz gozatzeko aukerarik. «Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira bi gauza kontrajarri», jarri dute azpimarra, eta, zentzu horretan, «txapelketaren hutsunea Nafarroako bertso plaza sustatzeko» baliatuko du elkarteak, aurrerago zehaztuko diren egitasmoen bidez. «Antolatzaile diren gainerako eragileei ere kulturaren aldeko apustuari heltzeko gonbita luzatu nahiko genieke. Kulturak eta bertsolaritzak merezi dute», egin dute eskaria.

Bide horretan, gogorarazi nahi izan dute aurten ere Bertsolaritza irakaskuntzan¸ egitasmoa martxan dagoela eta 2020/2021 ikasturtean Nafarroako 47 udalerritako 60 ikastetxetan ariko direla bertsolaritzaren oinarriak irakasten. Guztira, 2.800 ikaslek jasoko dute programa.

Bertso eskolek ere aste honetan ekingo diote ikasturteari: 15 udalerritan 28 talde osatu dira. Bi kasuetan, prebentziorako neurri guztiak bermatzeko konpromisoa beregain hartzen duela nabarmendu dute elkartetik.