Dabid Lazkanoiturburu

Siriako gerraren itzala Hego Kaukasoko gerrara iritsi da

Armeniako Armadak Hego Kaukasoko gerran mertzenario siriarrak erabiltzea egotzi dio Azerbaijani, Turkiak babestuta eta ordainduta. Bakuk gauza bera egin du eta Erevanek ere jatorriz armeniarrak diren siriarrak frontera eraman dituela ziurtatu du.

Egun Turkiaren mertzenarioa bilakatu den matxino siriarra Tal Abyad-en, iparraldean. (Bakr ALKASEM | AFP)
Egun Turkiaren mertzenarioa bilakatu den matxino siriarra Tal Abyad-en, iparraldean. (Bakr ALKASEM | AFP)

Gerra guztietan ez da samurra egia eta propaganda bereiztea. Hego Kaukasoko gerran are gutxiago, bi aldeek inposatzen duten zentsuraz aparte oso zaila delako errepide bakar batek laburbiltzen duen liskarra (Nagorno Karabaj eta Armenia lotzen duena) zeharkatzea.

Egoera honetan Siriako gerraren itzala agertu da lehen egunetik. Armeniak Azerbaijaneko Armadari laguntzeko mertzenario siriarrak bidali izana egotzi dio Turkiari.  

«Turkiak okupatu duen Siriako iparraldetik milaka mertzenario eta terrorista bidali ditu», salatu du Nikol Pachinian lehen ministro armeniarrak.

Vladimir Putin Errusiako presidentea «oso kezkatuta» agertu da «Ekialdeko Hurbileko talde armatu ilegalen errekrutatzeari buruzko berriekin.

Turkiak ez du tutik ere esan baina ez litzateke lehen aldia. Ankarak ehunka mertzenario siriar bidali ditu urtean zehar Libiako gerrara. Sirian bertan, kurduen aurka erabiltzen ditu mertzenario hauek, Afringo kantoiaren okupazioan argi ikusi zen moduan.  

Azerbaijango Defentsa Ministeritzak ukatu egin du bere lurraldean gerlari siriarrak daudenik. «Propaganda hutsa da», esan du presidentzia azeriarraren kontseilaria den Hikmet Hajiyevek.

Giza Eskubideen Behatoki Siriarrak (OSDH), Britainia Handian egoitza duen baina herrialde arabiarrean informazio-sare handia mantentzen duenak, baieztatu egin du Turkiatik abiatuta Nagorno Karabajera gutxienez 850 gerlari iritsi direla azken astean: 300 gerra hasi baino lehen eta gainerakoak egun hauetan.

Hauetatik gutxienez 28 liskarretan hil dira, Gobernuz Kanpoko Erakundearen zenbakietan (GKE).

Goseak akaatzen

Aurreko astean Azerbaijanen zegoela baieztatu zion gerlari siriar batek Afp-ri
Abou Ahmad du ezizena eta Sirian irabazten duena baino 80 aldiz gehiago ordainduko diotela dio, bere familia mantentzeko.

«2.000 dolar (1.700 euro) irabaziko ditut hilero datozen hiru hilabeteetan», azaltzen du WhatsAppean ezizena erabiltzen duen 26 urteko aitak.

Bost urtez Idleben Siriako Armada ofizialaren aurka borrokatu ondoren Alepon errefuxiatu eremu baten bizi da.

Martxoan, Ankarak eta Moskuk su-eten bat iragarri zuten. Ordurako milioi bat pertsona ihes egin behar izan zuten Damaskok Idleben aurka egin zuen erasoaldiaren eraginez, tartean Abou Hamad eta bere familia.

Liskarren etenaren ondoren bere soldatak behera egin zuen eta egun 25 dolar baino ez ditu irabazten hilero. «Ez dugu jatekorik eta prest gaude bizia emateko gure seme-alaben beharrak asetzeko.

«Ez dut beste aukerarik», dio, arriskuez ohartarazita. «Azerbaijanetik itzuli eta negozio txikio bat irekitzeko asmoa dut».

Itzultzen bada. Agentzia frantsesak hiru mertzenario siriarren heriotza baieztatu du senitartekoen bitartez.

Azerbaijaneko sare sozialetan hildakoen beste lau mertzenarioen argazkiak argitaratu ditu.

38 urte dituen Abou Adnane ere prest dago Azerbaijanera gerrara joateko. Dirua pixuzko arrazoia da, «hilero 200 libera turkiar (21 euro) baino ez ditudalako irabazten».

Ogia erosteko nahikoa ez bada ere, ez da pobrezia gerlara eramatzen duen arrazoi bakarra. «Turkia gure aliatua da eta erregimenetik eta bere kide errusiarretik babestu egin gaitu. Bere alde egon behar dugu edonon», aldarrikatzen du.

«Turkiak galtzen badu presiopean egongo da eta gure eskualdeak erregimenari eskainiko dio. Horrela, bada, sekula ez gara gure etxera itzuliko».

Yihadistak?

Emmanuel Macron presidente frantsesak bere egin du Armeniaren salaketa. «Gure inteligentzia zerbitzuen arabera, 300 gerlari Siriatik atera ziren Bakura iristeko Gaziantep hiri turkiarratik igarota. Ezagunak dira eta identifikatu ditugu. Alepon (Siriako iparraldea) borrokatzen ari diren yihadistak dira», ziurtatu du Eliseoko Jauregiaren maisterrak, eta Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteari «azalpenak» eskatuko dizkiola iragarri du.

OSDH-ak, ordea, gerlariak ez direla yihadistak ziurtatu du, Ankararen alde borrokatzen diren fakzio-kideak baizik, batez ere Afrinen.

Rami Abdel-Rahmane GKEaren zuzendariak dioenez, gehienak Siriako turkmeniarren artekoak dira. Turkmenoak turkieraz hitzegiten dute.

Mugimendu yihadistetan aditua den Aymenn Jawad al-Tamimi bat dator. Bere ustez, Nagorno Karabajera iritsi diren gerlariak «aitzinako matxinatu armatuen eta errekruta berrien nahasketa dira» eta Turkiak ordaintzen dizkie soldata. «Hauetako batzuk Mendebaldearen babesa izan zuten Siriako gerran», gaineratzen du.   

Iturri askoren esanetan, hiru taldetako kide dira: «Mourad Sultana», «Suleiman Chah» eta «Liwaa' Al-Mountasser bi-Allah»

Hiru taldeok «Siriako Armada Nazionala» osatzen dute. Koordinadora militar hau Bashar al-Assad Siriako presidentearen kontrako oposizio armatuaren zati bat da, Ankarak babesten duena.

«Armada Nazionalaren» bozeramalea den Youssef Hammoudek ukatu egin du gerlari «bakar bat» Azerbaijanera bidali duenik. «Armeniako Gobernuaren kanpaina mediatikoa baino ez da», dio.  

«Kanpotarrak» armeniarren alde?

Azerbaijanek kontraeraso mediatikoa egin du eta «atzerriko armeniarrak» erabili izana egotzi dio Erevani, batez ere diaspora armeniarretik iritsitakoak

«Siriako eta Libanoko armeniarrak iritsi dira eta liskarretan parte hartzen ari dira», azaldu du  Hikmet Hajiyev kontseilariak Bakutik.

OSDH erakundeak berak baieztatu egin du ehunka armeniar siriarrak Armeniara borrokatzera joan direla.

Hala ere, izenik eman ez duen eta Siriako iparraldean bizi den buruzagi armeniar batek gezurtatu egin du salaketa hau.

Libanoko hiriburuan, Beiruten, Hagop Pakradounianek, Tachnak armeniarren alderdi handienaren ordezkari nagusiak, «gazteak gerrara eramatzeko inolako asmorik ez» dutela ziurtatu du.

Ez dago helburu horrekin inolako antolakuntzarik», gaineratu du, batzuk bere kabuz joan direla onartzen badu ere.

«Munduan bizi den armeniar orok agindutzat du bere burua eskaintzeko, dela politikan, dirua emanez edo bizitza arriskuan jartzen», amaitzen du diputatuak.