OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Zazpi emakume musikarik hartu dute Musikari elkartearen zuzendaritza berria

Zazpi euskal musikarik, emakumeak denak, hartu dute bere gain Musikari elkartea zuzentzeko ardura. Eneritz Dueso, Olatz Salvador, Izaro Andres, Lide Hernando, Idoia Hernandez, Miren Narbaiza eta Garazi Esnaolak dute aurretik erronka itzela. Lan hitzarmen kolektiboa, kontratazioetan erregulazio falta eta Artistaren Estatutua dira askatu nahi dituzten korapiloetako batzuk.

Ezker eskuin, Idoia Hernandez, Eneritz Dueso, Miren Narbaiza eta Oltaz Salvador gaur, Donostian. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Ezker eskuin, Idoia Hernandez, Eneritz Dueso, Miren Narbaiza eta Oltaz Salvador gaur, Donostian. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Ez dira nolanahikoak musikaren sektoreak eta, honenbestez, musikariek beraiek dituzten zailtasunak eta arazoak. Horiei irtenbidea nola eman da auzia eta, era berean, erronka. Eta ez makala. Egoerari aurrez aurre begiratu nahi diote, begietara, Musikari Euskal Herriko musikariak biltzen dituen elkartearen ardura hartu duten zazpi emakumeek. Denak musikariak.

Eneritz Dueso, Olatz Salvador, Miren Narbaiza, Lide Hernando, Idoia Hernandez, Garazi Esnaola eta Izaro Andresek hartu dute elkartearen zuzendaritzaren lekukoa, Donostian ostegun honetan prentsa agerraldi batean azaldu dutenez.

Zuzendaritza horizontala planteatzen dute, zeharkakoa, ez goitik behera. Beren hautagaitzaren hondarrak, hala ere, iragan otsailean Gernikan ospatu zen bilkura batean daude. Emakume musikarien biltzarra egin zen eta ehun bat lagun batu ziren. Horrek, dudarik gabe, arrastoa utzi zuen, diagnosi bat egin zen, eta lanerako haziak erein zituen. Berehala iritsi zen itxialdia. «Egoera hark erabat agerian utzi zituen gure arazoak, zein zaurgarria den musikarion egoera. Aste haietan asko hausnartu genuen egoera berriari buruz», kontatu du Eneritz Duesok.

Eztabaida partekatu hark denboran bat egin zuen Musikari elkartearen zuzendaritza berritzeko ezarrita zeuden epeekin, eta aipatu zazpi musikariek hautagaitza aurkeztu zuten. Ez zuen beste inork bere burua aurkeztu eta taldearen proposamena aurrera atera zen.

Erregulazioa eta estatutua

Olatz Salvador aurreko zuzendaritza taldean zegoen, eta honetan ere parte hartuko du. Elkarteak gaur egun 310 kide biltzen ditu, eta musikariek dituzten beharrak adierazteko «tres aproposa» dela uste dute. Gauza asko daude hobetzeko, lantzeko eta, batez ere, aldatzeko, aldarrikatu dutenez.

Miren Narbaizak aipatu bezala, gabezia ugari daude eta hutsune asko, «larriak». Esaterako, sektorea ez dago erregulatuta, eta horrek linbo edo hutsune asko sortzen ditu. Hitzarmen kolektiborik ere ez dago eta musikariak nola kontratatu jasotzen duen legea «oso zaharra» dela deitoratu dute, 1985ekoa. Eguneratu beharra dago, eskatu dute. Kontratazioak egiteko garaian ere irregulartasun eta «alegalidadeak» daude, eta diru laguntzak jasotzeko baldintzak utopikoak ei dira maiz. «Musikari asko kanpoan gelditzen gara, babesik gabe», kritikatu dute.

Zentzu honetan, eta adibide bat jartzearren, Lakuak ahalbidetu zituen azken bi milioi euroak aipatu dituzte. Besteak beste, 90 egunez kontratatua izatea derrigorrezkoa zen. «Zein musikarik betetzen du baldintza hori gaur egun, ez bada Euskadiko Orkestrakoa edo udal musika talde batekoa?», aipatu dute.

«Gure mezua argia da: euskal musikariari babesa eman behar zaio, eta horretarako sarea sortzea oso inportantea da. Ateak denentzat zabalik ditugu, musikari, teknikari, emanaldien sustatzaile… Denon artean hobekuntzak lortzea da helburua gure ogibidea duintze aldera», erantsi du Narbaizak.

Musikari elkarteak urteak daramatza Artistaren Estatutuaren gainean lanean baina orain, «inoiz baino gehiago», beharrezkoa da martxan jartzea. Horregatik, Elkarteak Euskal Herriko erakunde publikoei dokumentu hau landuko duen mahai baten sorrera egiteko gonbita luzatu die. Era berean, Lakuarekin biltzeko nahia agertu dute. Oraindik, ordea, urrats asko daude emateko. Datu bat: Bingen Zupiria Kultura sailburuak kultur langileen estatutu bat sortzeko agertu berri duen nahiaren inguruan ez dakite ezer.

Baina ekintzak badatoz. Gaur bertan iragarri dutenez, gehienez bi asteren buruan, ‘Musika Sektorearen Berreraikitze Plana’ aurkeztuko du Union de Músicos Profesionales estatu mailako elkarteak, zeinaren kide den Musikari elkartea. Planak hiru hildo nagusi ditu: musikarien lana eta jarduera ekonomikoa babestu, sustatu eta bultzatzea, behar bezalako babes soziala eskaini eta musikarien egoera ekonomikoa hobetu eta musikak bereziki jendartean duen «funtsezko balioa» aitortzea.