NAIZ

Gose, egarri eta komunikazio greba eten du Iñaki Bilbao «Txikito»k

Bere bigarren protesta ekimena eten egin duela jakinarazi die Iñaki Bilbao presoak haren hurbilekoei, ostegun honetan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakitera eman duenez.

Iñaki Bilbao Goikoetxeari elkartasuna adierazteko manifestazioetako bat, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Iñaki Bilbao Goikoetxeari elkartasuna adierazteko manifestazioetako bat, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Txikitok bere borroka-ekimena eten egin duela adierazi die bere hurbilekoei. Telefonozko komunikazioan ez du aipatu besterik ez, borroka aurrera eraman behar dela ez bada». Hauxe jakinarazi du ostegun honetan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (ATA), Puerton dagoen presoaren borrokari buruz.

Aurretik 50 egunez gose eta komunikazio greba burutu zuen Bilbaok, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzeko, urriaren 30a arte hain zuzen ere. Aste horietan ospitalera eraman eta indarrez elikatu zutela jakinarazi zen.

Etenaldi horren ondoren egun batzuk beranduago berrabiatu zuen protesta Iñaki Bilbao Goikoetxeak, oraingoan gose grebari egarriarena ere erantsiz. Bigarren honetan ere erietxera eraman dute, arnasa hartzeko arazoak zituela eta.

«50 egun gose eta komunikazio greba, 10 egunetako gose eta egarri greba eta beste aste bat gose eta komunikazio greba egin eta gero jakin dugu bere ekimenari amaiera eman diola», aipatu du ATAk ohar honetan.

Bitartean ekimen hauetaz duen iritzia eman du Sortuk: «Iñakiren ekimenak ez du zentzurik, interpelazio edota eskaera gauzagarririk ez duenez gero, eta ez du zerikusirik Ezker Abertzalearen kultura politiko historikoarekin zein gurean gure herriarekiko konpromisoa jorratzeko baliatu izan ditugun moldeekin. Halaber, ez du zerikusirik uneotan Ezker Abertzaleak bai Euskal Herria askatzeko bai preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko darabilen estrategiarekin. Ondorioz, ekimen hori ez dugu babesten, ez eta babestuko ere».