Naiz

Espetxe politika eta salbuespen legedia amaitzeko ehunka mobilizazio izan dira gaur

Espetxe politika eta salbuespen legedia amaitzeko formatu ezberdinetako ehunka mobilizazio eta ekimen izan dira gaur Euskal Herriko hiri eta herrietan Sareren «Izan Bidea» dinamikaren barruan.

Irudian, Iruñean izan den mobilizazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Irudian, Iruñean izan den mobilizazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Milaka izan dira gaurko egunean zehar «Izan Bidea» dinamikaren barruan «Bidea gara, bidean gaude» lelopean mobilizazio ezberdinetan parte hartu duten herritarrak.

Hiriburuetan manifestazioak izan dira, beste hainbat herritan bezala, baina beste formatu batzuetako ekimenak ere egin dituzte hainbat lekutan, era kolektiboan eta norbanakoen ekarpen modura, salbuespen legedia bertan behera uzteko eskatzeko.

Kotxe karabanak, mosaikoak, ekitaldiak, solasaldiak, argazkiak, mendi martxak, bizikleta martxak… askotarikoak izan dira ekimenak urratsez urrats preso, iheslari eta deportatuen «etxerako bidean» aurrerapausoak egiteko beharraren herri adierazpen izan direnak.

 

«Abestiak dioen moduan, "bide zuzena ez da beti motzena”. Horretaz zertxobait badakigu. Baina horrek ez gaitu sekula etxean gerarazi. Badakigu bidea ez dela egun batetik bestera egiten, urratsez urrats baizik. Eta horretan gaude», azaldu dute antolatzaileek arabako hiriburuan.

Osasun egoeraren aurrean arduraz jokatuz, baina espetxeetan bizi den egoera salatzeko beharra nabarmendu dute. «Espetxeetako egoerak ere okerrera egin du covid-19aren ondorioz, eta bai preso direnen, bai bisitara doazen senideen egoera zaildu du. Horregatik batu gara gaur ere, guztion artean bidea egiteko, guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausuak eman daitezen».

Zentzu horretan, larriki gaixo diren presoen kaleratzea, urrunketa politikari amaiera ematea, gradu-progresioa aplikatzea, zigorrak batzea, bakartuak diren emakume presoak elkartzea eta, finean, salbuespen legedia bertan behera laga eta lege arrunta ezartzea aldarrikatu dute.

Euskal Herria «une historiko baten aurrean» dagoela azpimarratu dute, bertan  salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioek gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dutelako eta bai Madrilen eta baita Parisen ere espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenengo aldiz. «Arnas-gune izanda ere, urratsa ez dira nahikoa izan». «Eta badakigu, guk bultzatu ezean, errealitate hau guk mahaigaineratu ezean, haizeak astintzen ez duen bandera modura, trapu bilakatuko dela», gaineratu dute.