Jon Ormazabal

Elordi eta Arteaga ez dira harritu Promozioko finalean elkarren aurka aritu beharrarekin

Mallabikoak eta Lasarte-Oriakoak arazorik gabe aukeratu dituzte larunbaterako pilotak, nahiz eta bizkaitarraren aukeraketak ezustean harrapatu duen gipuzkoarra.

Elordi eta Arteaga gustura agertu dira aurkitutako pilotekin. (Jon URBE/FOKU)
Elordi eta Arteaga gustura agertu dira aurkitutako pilotekin. (Jon URBE/FOKU)

Lehen Mailako Buruz Burukoan Erik Jaka finalera heltzea ezustekotzat jo daitekeen bitartean, Altunarena normalagotzat jo dezakegu nahiz eta beste hautagai asko ere baziren, ezin esan Promozioko finalean Aitor Elordi eta Axier Arteaga gurutzatzeak inor gutxi hartu du ezustean.

Euren ibilbideek ere badute nolabaiteko parekotasuna, biek dituzte 24 urte, egun bateko aldearekin egin zuten profesionaletarako jauzia –2016ko urtarrilaren 3an Mallabikoak eta 4an Baikokoak–, prestatzaile fisiko beraren aginduetara aritzen dira, Gontzal Urionabarrenetxea markinarra, eta biek badakite zer den Promozio mailako finalak jokatu eta irabaztea –2017ko Buruz burukoa eta Binakakoa Lasartekoak eta iazko Binakakoa Aspekoak– eta hasierako kiniela guztietan sartzen ziren, are gehiago Arteagak lehen mailako atarikoa jokatu eta Elordi egungo txapeldun ordea izanda.

Aurtengo txapelketan, ordea, biek bina partida irabazi badituzte ere, orain arteko sentsazioak oso desberdinak izan dira. «Bakaikoaren aurkako atariko partidan hatz bat hautsi nuen eta azken unera arte parte hartzea zalantzatan izan zuen, entrenamendurik gabe hasi nintzen eta nahi nituzkeen entrenamenduak osatu ahal izan gabe heltzen naiz, baina gero eta hobeto aurkitzen naiz eta finalean ere nire onena eman beharko dut Elordi oso fuerte dago eta», azaldu du Arteagak.

Elordi, aldiz, oso gustura dago orain arte egindakoarekin. «Txapelketa batean parte hartzen dudanean helburu nagusia finalera heldu ahal izatea da, nahiz eta ibilbidea zaila izan eta kanporatua izan zaitezkeen. Aurten dena oso azkarra izan da, bi partidetan ondo jokatu ahal izan dut eta aurten gainera, inolako lesiorik gabe, onena da ez ditugula bi aste itxaron behar finala jokatzeko», azaldu du.

Estilo desberdinak

Estiloan ere desberdintasunak nabariak dira. «Nik uste dut Axierrek luze jokatuko didala, frontisetik ahalik eta urrutien eduki nahiko nau. Nik, ordea, sakearekin asmatu eta bigarren pilotakadari adi egoten saiatuko naiz», aipatu du Aspekoak.

Materiala ere joko molde horietarako aproposa apartatzen saiatu dira, eta aurkitutakoarekin inolako kexurik izan ez bada ere, Artegak ez du ukatu arerioak aukeratutakoek ezustean harrapatu dutela. «Uste nuen arinagoak eta biziagoak aterako zituela, ni karga gehiagoko piloten bila joan naiz eta gustura, bereak ere nahiko kargakoak eta uste nuena baino baxuagoak dira eta».