NAIZ

Emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi dute euskal erakunde, elkarte eta sindikatuek

Azaroaren 25a dela eta, milaka pertsona atera dira Euskal Herriko kaleetara emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Mobilizazio jendetsuenak arratsaldean izan dira Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Goizean agerraldi instituzionalak izan dira nagusi.

Donostiako manifestazioa Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean. (Jon URBE/FOKU)
Donostiako manifestazioa Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean. (Jon URBE/FOKU)

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Euskal Herrian zenbait mobilizazio izan dira azaroak 25 dituen honetan. Eguerdian, erakunde, elkarte eta sindikatuen txanda izan da eta arratsaldean, hiriburu zein udalerrietan, mugimendu feministaren deialdiei jarraiki, zenbait mobilizazio egin dira.

Baionan 18.30ean hasi da manifestazioa Errepublika plazatik, eta ‘Indarkeria matxistak baditu mila aurpegi. Non aux violences sexistes’ lelopean herriko etxera heldu dira, non adierazpenak egin dituzte mugimendu feministako kideek.

«Borroka arloak anitzak dira, eta gainera, borrokaren bidez irabazitako eskubideak ez dira sekulan behin betiko eskuratzen. Baina beste garaipenak lortzeko, gure borroken artean elkartasuna eraikiz antolatu behar dugu, feminismo erradikalerako proiektua, gizarte osoaren errotikako aldaketa izan dadin», adierazi dute.

Ordu berean hasi da Donostiako manifestazioa Alderdi Ederretik ‘Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu’ lelopean. Gasteizen, aldiz, 19.00etan hasi da manifestazio nagusia Iparralde Gizarte Etxetik ‘indarkeria sistemaren ispilu ¡Vamos a defendernos!’ lelopean.

Bilbon, itsasadarrak hartu du protagonismoa jendetza batek morez tindatu dituenean bi ibaiertzak. 18.30ean eta 19.00etan hainbat zutabe atera dira botxoko auzoetatik eta 19.30ak pasata, denak itsasadarraren inguruan elkartu dira 'Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak babestu' lelopean giza-kate bat egiteko. Horren ostean, Bilboko Gazte Sare Feministak deitutako manifestazioa atera da Udaletxetik.

Iruñea izan da aldea markatu duena. Kasu honetan ez da manifestazio bakar bat egin, baizik eta elkarretaratzeak egin dira auzo eta herri guztietan, gehienak 20.00etan. Hala eta guztiz ere, guztiek lelo bera partekatu dute: ‘Pendiendo de un hilo, gure eskubideak elkarrekin lotu’.

Erakunde publikoak eta sindikatuak goizen

Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko Udalek irakurketa bat argitaratu dute eta Gasteizen, Arabako Foru Aldundia zein Batzar Nagusiak ere batu dira mobilizaziora. Nafarroako Gobernuak ere adierazpen instituzionala onartu du eta bertan nabarmendu du ezinbesteko garrantzia daukala generoagatiko desberdintasuna ezabatzeak, «indarkeria matxisten haztegi baitira».

Biktimei omenaldia eta errekonozimendua egiteaz gain, gogoan izan dituzte pandemiaren aurka lehen lerroan lanean ari diren emakume guztiak: osasunean, saltokietan, hezkuntzan, etxeko enpleguetan, eta abar.

2020. urtea amaitzeko hilabete eskas falta dela, lau emakume erail dituzte Euskal Herrian.

Hiriburu gipuzkoarrean eta bizkaitarrean, esaterako, Udaletxearen aurrealdea kolore morez argiztatu dute eta gauza bera egin du Gasteizko Legebiltzarrak ere. Honen esanetan, «sinbolo hori publikoki erakusteak –hau da, fatxada kolore morez argiztatzeak– berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era horretako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa».

Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, «krisiak eta konfinamenduak are gehiago larriagotu dute zoritxarrez emakume askok pairatzen duten egoera, eta haien zaurgarritasuna modu esponentzialean areagotu da».

Gogoratu du emakumeentzako arreta zerbitzu espezifikoek deien eta laguntza eskaeren gorakada handia erregistratu dutela konfinamenduan eta goraipatu egin du Lakuako arreta zerbitzuek, aholkularitza juridikoek eta emakumeen etxeetako laguntza psikologikoek eginiko «lan handia», hala nola gizarte zerbitzuek eginikoa ere.

Duñike Agirrezabalagak adierazi duenez, «indarkeria matxistak gaitz lotsagarria eta arazo soziala izaten jarraitzen du. Ezin dugu inoiz amaitzen ez den tanta-jario batera joan, bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeekin».

Egun seinalatu honen harira, Emakundek ‘Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak’ izeneko txostena argitaratu du. Txostenak jasotzen duenez, 2019an Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu zenbatu zituen EAEn, eta 4.419 emakumeri eragin die.

LAB sindikatua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatu da emakumeenganako indarkeria matxista deitoratu asmoz. Lan eremuan protokolo espezifiko eta eraginkorrak aldarrikatu ditu indarkeria matxistarekin amaitzeko.

UGT-k ere mobilizazioa egin du Bilboko bere egoitzaren parean eta Bizkaiko pentsiodunek ere protesta egin dute, emakume pentsiodunek jasotzen duten pentsioa gizonena baino nabarmen baxuagoa dela deitoratuz.

Hendaiako Herriko Etxean, pankarta lehen aldiz

Hendaiako merkatuan goizeko hamarretan egin den elkarretaratzearekin hasi da egun osoan zehar Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrietan egingo diren mobilizazioen itzulia. Lehen aldiz emakumeen kontrako indarkeria gaitzetsi eta nazioarteko egunarekin bat egiten duela azaltzen duen pankarta bat jarri du Hendaiako Herriko Etxeak udaletxearen kanpoaldean. «Ziur aski Ipar Euskal Herriko Udal batek halako zerbait egiten duen lehen aldia izango da», jakinarazi du Itziar Varelak, Bagera elkarteko kideak.

Duela urte bat sortu zen Hendaiako Bagera elkarteak Bidasoaldeko M8 asanbladaren deialdiarekin bat egin du eta herritarrei emakumeen kontrako indarkeriaren nazioarteko egunarekin bat egiteko deialdia egin die. Osasun neurriak kontuan hartuta, jende multzo txiki bat bildu da Hendaiako merkatuan, ez baitzuten jendea elkarretaratzean parte hartzera deitu, ordea, herritarrei haien balkoi eta leihoetan xingola moreak (mugimendu feministaren kolorea) edo beltzak (hildako emakumeen omenez) jartzeko deia egin zuten.

Merkatu plazatik Hendaiako herriko etxearen aitzinera mugitu dira manifestariak afixak eskuan zituztela, eta goizeko hamaiketan eman diote amaiera elkarretaratzeari. «Udaletxeko ordezkariak ez dira etorri, baina pankarta jarri dute, keinu horiek baloratzen ditugu, baina oraindik bada egitekoa keinuetatik harago», nabarmendu du Varelak.

Datuak

Baionako deialdia egin duen taldeak eskainitako datuen arabera, aurten 87 emakume hil dira Estatu frantsesean indarkeria matxistaren ondorioz. Beste 213.000 emakumek bortizkeria fisikoa jasan dute, eta 94.000 emakume izan dira bortxatuak edo bortxaketa saiakera bat pairatu dute. Datuen arabera, bortxaketen kasuan, soilik %12ak jarri du salaketa epaitegietan.

EH Bai alderdiak ere mezu bat kaleratu du emakumearen kontrako indarkeriaren nazioarteko egunaren kari, eta Ipar Euskal Herriko datuak jakinarazi ditu. Horrela, konfinamenduaren ondorioz haien erasotzaileekin etxean egotera behartuta dauden emakumeen errealitatea ekarri du gogora alderdi abertzaleak.

Ipar Euskal Herrian etxean indarkeria jasaten duten emakumeak hartzen dituen elkarteak hilero 15 emakume jasotzen zituen elkartean pandemia baino lehen. Konfinamendu garaian ordea, hilean 35 emakumera igo zen laguntza behar zuten pertsonen kopurua. Egoera honen aurrean, tratu txarrak jasaten dituzten emakume kopuruak gora egin arren, haiei laguntzeko antolatzen diren elkarteek baliabide gutxi dituztela salatzen du EH Baik.

«Genero-rolen gainean eraikitako ‘normaltasuna’» ez dela onargarria adierazi du alderdi abertzaleak eta «errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritzen den jendartea lortu arte», lanean jarraitzeko asmo irmoa erakutsi du.