Jon Ormazabal

Oso lagunak bai, baina finaleko ordu horretan biek nahi dute jokoan agindu

Oso azkar aukeratu dituzte Erik Jakak eta Jokin Altunak Buruz Buruko finalerako pilotak eta biak oso gustura agertu dira saskian topatutakoarekin.

Jaka eta Altuna gustura azaldu dira saskian topatutakoarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jaka eta Altuna gustura azaldu dira saskian topatutakoarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aspaldiko Buruz Buruko finalik intimoena izango da igandekoa, lagunartekoa, eta osasun arrazoiengatik ateak itxita eginda, material aukeraketak ere ez du izan beste urteetakoek bezalako ikusminik. Ildo horretan, igandean jokatu beharreko pilotak apartatzearena ia-ia bete beharreko protokolo soil bat izan da, azkarra eta garbia, inolako arazo eta kexarik gabea.

Ez zen bestelakorik espero eta bi finalistek oso gustura amaitu dute Martin Alustizak parean jarri dizkien pilotekin. «Orain arte bilatu izan dudana bilatu dut, frontisean oso bizia ez diren pilotak eta lurrean tiro gehiago dutenak. Bereak pixka bat erabil errazagoak iruditu zaikit baina denak onak», azaldu du Erik Jakak. Jokin Altuna ere antzera mintzatu da eta azaldu duenez, «ez naiz etxetik pilota mota bat behar dudala pentsatuta etortzen, eskuan hobekien sartzen zaizkidanak aukeratzen ditut eta gaur ere halaxe izan da».

Astean zehar emandako adierazpenetan bezala, elkarrenganako hitz onak besterik ez dute izan eta partidaren giltzak azaltzerakoan ere bat etorri dira, lagun onak izanagatik, igandeko ordu horretan biek nahi dute kantxan agindu. «Orain arte txapelketan argi ikusi da, bere jokoa egiteko gai denak asko dauka irabazita. Nire kasuan argi ikusi da, ekimena eramaten duenak pausu handi bat emana dauka, defentsan denbora asko ematen duenak zail izango du irabaztea», azaldu du Jakak.

«Agintzen ari zarenean opariak egitea ordaindu egiten da, min egiten ari zarenean bolada hori ahalik eta gehien luzatzea oso garrantzitsua da eta bestea agintzen ari denean sufritzen jakin eta sakea ahalik eta azkarren kentzea, Erik takada handiak egiten ari da sakea duenean», gaineratu du amezketarrak.

Batera entrenatu

Ezohiko final honetan, bada beste detaile bitxi bat, izan ere, bi finalistek atzo elkarrekin egin zuten saio fisikoa Amezketan. «Egin genuen lehena elkar zoriontzea izan zen, telefonoz eta arituak ginen baina atzora arte ez ginen pertsonalki egon. Gainontzean beste egunetan bezala aritu ginen, Bikuña ere gurekin izan zen eta finalari buruz ez genuen gehiegi hitz egin», azaldu du Jakak. «Betiko ariketa fisikoak egin genituen, ez dut uste atzoko entrenamenduagatik inork hobeto jokatuko duenik», gaineratu du Altunak.