Ariane Kamio
Donostia

Joseba Sarrionandia: «Ilargiaren sekretario moduan saiatu naiz lan egiten»

Hogeita hamabost urtean lehen aldiz Joseba Sarrionandiak bere azken sorkuntza aurkeztu du Habanatik igorritako bideo baten bidez. ‘Gauzak direna balira’ saiakera bere hirugarren gaukaria da.

«Lekuz kanpo sentitzen naiz, ze ni idazlea naiz eta liburuak egiten ditut eta ez zait audiobisuala gustatzen, eta sentitzen dut ez dela nire lekua. Baina egoera berezian gaude pandemiarekin eta liburuari bisibilitatea emateko, arraina uretik kanpo bezala hitz egingo dut mikrofono honen aurrean». Horrelaxe hasten da Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) ‘Gauzak direna balira’ bere azken lanari buruzko aurkezpenerako igorritako bideoa. Lehenengo aldia da hogeita hamabost urtetan idazle iurretarrak bideo bidez bere liburu bat aurkezten duela. Gaur goizean izan da hitzordua, Pamiela etxeko kideekin eta Kubako hainbat lagunekin batera egin baita aurkezpena Donostian. Bideoa azaroaren 30ean grabatu zen, Habanan.

Ez da ordea bideo bidez ikusia den lehen aldia. Bai bigarrena. Iaz ikusi ahal izan zen estreinako ikus-entzunezko formatu batean idazlea hitz egiten. Kasuan, Ray Fernandez trobalari kubatarraren abestien hitzen bilduma izan zen aitzakia, ‘Canciones de Ray Fernandez: El que fuma, bebe y canta’ izenburu zuen lana.

Gaukariaren trilogia

Joseba Sarrionandiaren azken lanek gaukari forma dute. ‘Bizitza ez al da oso arriskutsua’ eta ‘Airea ez da debalde’ izan dira orain osatu den trilogiaren bi aurrekariak. Egunka idatzitakoak edo, hobe esanda, gauka osatutakoak, «ilargiaren idazkari» lez, baina ez diario intimo baten gisakoak, «ingurua eta mundua ulertzeko saiakera» modukoak baizik.

«Liburu bakoitza da egitura bat, idazmolde bat eta hau da idazteko forma baten, egitura literario baten, hirugarren zatia. Forma oso konkretua dauka, idazmolde oso berezia. Beti behar da egitura literario bat askatasuna izateko. Askatasuna ez da ezerezean eraikitzen, behar dira baldintza batzuk. Baldintza horiek ez dira lokarri bat, baizik idazteko askatasuna posibilitatzen duten formak», adierazi du idazleak.


Lorategi tropikal bat hondoan duela, literaturaren bilaketaz ere aritu da erbestean hiru hamarkada baino gehiago daramatzan iurretarra. Aintzinako konkistatzaile eta esploratzaileetaraino joan da atzera, Alvarado, Orellana, Pedro Ursua, Lope de Agirre… eta haien «puntu doratuaren» bilaketara. «Nire ustez literatura eta politika horrelako zerbait dira. Bilatzen da zerbait, beharbada ez dagoena. Behintzat ez da gauza estatiko bat, ez da gauza erreal bat. Bilaketa horrek funtzionatzen du ortzi mugak bezala, ez duzu aurkitzen, ez literaturan, ez politikan. Ez da puntu finkoa, baizik aldakorra. Esate baterako, Arestirentzat euskararen salbazioa gizarte komunista batean izango zen. Gero gure belaunaldian gazteetan nahi genuen edo bilatzen genuen mirakulu literario bat. Nire ustez, orain pixka bat azken aldian gizartea aldrebestu denez eta proiektu askok frakasatu dutenez, gaude Orinokoan erdi galduta. Hor gaude, puntu imaginario edo utopia horren bilaketan, literaturan eta bizitzako beste arlo horietan ere, nahiz eta jakin ez garela iritsiko edo behintzat ez garela imaginario horren jabe izango».

Doratuaren imaginario horretara iritsiko ez denaren jakitun, utopia horretarako bideak ematen dituen plazerak mahai gaineratu ditu, nolanahi ere. «Bidearen edo lanaren nekea arintzen dutenak». Esate baterako, hitzak. «Arestik nahi zuen euskararen salbazioa, guk ez dakit hori lortuko dugun, baina hitz batzuk aurkitzen ditugu. Hitzen ardura izan dut liburu honetan eta uste dut aurkitu ditudala urre txiki batzuk. Esate baterako, guk umetan erabiltzen genituen esaera batzuk errekuperatuz. Onura hori uste dut lortzen dela», nabarmendu du.  

Komunitate baten partaide

Sarrionandiaren aburuz, euskaraz idazteak badakar berarekin beste onura bat. Bere hitzetan, komunitate baten parte izatea, eta letren paraleloan joan daitezkeen beste ildo batzuk errefusatzen dituela ohartarazi du. «Literatura egiteko orduan ez zait interesatzen dirua, ez daukat espektakuloan parte hartzeko anbiziorik, baina bai sentitzen dut eta pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten partaide sentitzearekin».


Eta jarraitu du: «Ze normalean literaturan, beste arteetan bezala, planteatzen dira norgehiagokak. Edertasuna bilatu behar bagenu bezala. Nire ustez literatura gehiago da komunitate baten arduretan eta bizitzaren pertzepzioan parte hartzeko, bizitza komunitarioan parte hartzeko forma bat. Nire ustez hori da doratuaren bilaketa inposible horretan onura bat».

Hizkuntza altxor gisa erabiliz, ohartarazi du euskara ez dagoela koba ilun batean, ez dela sekretu bat, «altxorra gure artean dago, gure ezpainetan. Eta politikaren altxorra ere gure artean dago, gure arteko harremanetan».

Errealitatea vs. Erretorika

Saiakeratzat hartu du idazleak ‘Gauzak direna balira’ liburuaren izaera, nahiz aitor den eleberritik ere baduela. Hainbat pertsonaia baliatu ditu, horietako batzuk Shakespeareren ‘Ekaitza’ (‘The Tempest’) liburutik hartuak eta analogia politikoak egiteko erabiltzen dituenak. «Gaiekin gertatzen da gauza bat dela gertatu dena, adibidez antropofagia zer izan de historikoki, eta bestea antropofagiari buruz zer esan den eta zertarako erabili den antropofagiaren ideia. Batetik dago errealitatearen ideia bat eta bestetik, oso desberdina izan daitekeena, horri buruzko diskurtsoa. Gaur egungo gizartean gai printzipala da bikoiztasun hori, gertaeren eta erretorikaren artean. Erretorikak jan egiten ditu gertaerak. Kanibalismoa da gai horietako bat».

Habanako bizimodua

Habanako bizimoduaren nolakotasunaz ere mintzatu da Sarrionandia. 2016ko azaroan egin zuen publiko lehen aldiz bere bizilekua, eta estreinako aldia izan zen hiru hamarkadatan bere irudi gaurkotua jendaurrean aurkezten zela. Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean duen irakurletzaren gidari izango zela iragarri zen orduan. «Habanako bizimodua konplikatua da», dio eta oihan batekin egiten du alderaketa. «Selban doanak guakamaio bat edo ornitorrinko bat aurkitzen du eta hemen egunero dago sorpresa bat, ez da gizarte estable bat, dakizuna zelan funtzionatzen duen. Euskal Herrian planak egin ditzakezu hurrengo urtekoak eta hemen datozen bost minutukoak ere ezin dituzu egin».

Liburua nork irakurriko galderari erantzunez, Sarrionandiak 2010ean argitaratu zen ‘Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako’ liburua ekarri du gogora. «Irakurtzea telebista ikustearekin konparatuta, da autoretza bat. Benetako autorea literaturan irakurlea da. Ideia oso esanguratsua da, gauzak nola ari diren bilakatzen esplikatzeko».