Amalur ARTOLA

‘Airea ez da debalde’, Joseba Sarrionandiaren bigarren gaukaria

Iaz ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?’-rekin Habanako gauetan gogoetatutakoak eskaini zizkigun Joseba Sarrionandiak, eta bide beretik dator ‘Airea ez da debalde’ (Pamiela), bigarren gaukaria ere. Orotariko hausnarketak dira, baita arlo pertsonalekoak ere.

Iturralde eta Rey, liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Iturralde eta Rey, liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Habanako gauetan Joseba Sarrionandiak idatzitakoa opari bihurtu zaigu». Hitz horiekin laburbildu du Fernando Rey itzultzaileak ‘Airea ez da debalde (Habanako gaukaria)’ liburuan irakurleak aurkituko duena. Iaz argitaratutako ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?’ liburuan hartutako bideari segida ematen dion lana da, eta, hura bezala, testu laburren bidez gogoetarako plaza irekitzen du idazle iurretarrak, hango eta hemengo istorioak bilduz, historiako pasarteak gogora ekarriz eta, zergatik ez, etxeko pasadizoren bat ere tartekatuz.

«Sarrionandiak bisita egiten digu eta Habanako gauetan isiltasunez paperera eramandakoak ekartzen dizkigu, gogoeta eragile», laburbildu du Reyk aurkezpenean. Alboan izan du Joxemari Iturralde, idazlea eta iurretarraren gertuko laguna. Sarrionandia «zirkulu bat ixten» ari dela iritzi du Iturraldek, ‘Ni ez naiz hemengoa’ (Pamiela, 1985) eta ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua’ (Pamiela, 2018) argitalpenekin egin duela «arku erdia» eta lan berriarekin zeregin horretan beste koska bat gehitu duela uste du: «Liburu honekin beste laurden bat eransten dio. Liburu honek lau hilabete hartzen ditu, 2018ko azarotik 2019ko otsailera. Agian orain bertan ariko da liburu honen jarraipena idazten, seguruenik  hurrengo urtean kaleratuko dena», aurreratu du, zirkuaren itxiera iradokiz.

Sarrionandia Habanan dagoela publiko egiteak, orain artean isilpean zituen zenbait gai mahaigaineratzeko beta eman diola ere aipatu du Iturraldek. «Urte askoan ezin izan du aipamen zehatzik egin. Orain argitasunera azaldu denean aipatzen digu non dagoen eta baita ere, esaterako, nondik atera duen titulua», jarri du adibide. Izan ere, liburuan kontatzen du Habanako kaleetan doala ‘pontxera’ bat –pneumatikoak konpontzeko tailerra– ikusi duela: pneumatikoa bildua dago, eta gainean idatzia darama ‘Airea ez da debalde’. «Denak du prezioa», jarri du azpimarra Iturraldek. «Habanako hiriak badu pribilegio bat. Hiri honetako kaleetan ez dago aspertzerik, eta kale horietan ikusitakoa ekarriko digu», nabarmendu du.

Sarrionandia pertsonalena

Iurretarra «beti Euskal Herrira begira dagoenez» idatzietako askotan euskal erreferentziak daudela ere aurreratu du. «Euskal politika jarraitzen du, eta iritzi politikoak ematen ditu, ez da isilduko. Gogoeta batzuk ezagunak egingo zaizkigu, eta beste batzuk ez», ziurtatu du. Adibidez, ‘herria’ kontzeptuaren inguruan gogoetatzean: «Kontzeptua erreibindikatu behar dela dio, bere anbiguotasun osoan. Herria zer den erabakitzeko dagoela dio».

Euskal idazleen egoeraz ere egiten du gogoeta, kolonizazioaz, bando politikoez eta banderez. «‘Bandera baloratu eta gurtu egiten da Kuban, guk edozein bandera trapu zahartzat hartzeko joera dugun artean’, dio Sarrionandiak».

Hegoameriketan bizi diren euskaldunek ere badute lekurik gaukarian baina, Iturraldeeren hitzetan, irakurle askori deigarrien egingo zaien zatia Sarrionandiak bere bizitza pertsonaleko arrastoak azaleratzen dituena izango da. «Kontatuko digu nola egon zen kartzelan, nola torturatu zuten zortzi egunez. ‘Han barruan ez nuen ezer, ez identitate txartelik ez ametsik’, dio». Bere seme-alabek ere, 15 urteko Mikel eta 4 urteko Ainhoa, badute lekurik liburuan, bietako batek handitan «komunista» izan nahi dutela esaten dioneko pasadizoa adibidez. «Badaude pasarte kuttun eta hunkigarriak, bestelako Sarrionandia bat erakutsiko digutenak», amaitu du Iturraldek.