Andoni Arabaolaza

Txileko Patagoniako ohiko hormetatik at jardun dute

Bi sokada ezberdin Cerro Redondoren hegoaldeko aurpegia esploratu eta bi bide berri zabaltzeko gai izan dira: «Painakan» (WI4, MD, 800 m) eta «Contra corriente» (WI5, MD, 900 m).

Berez, Patagoniako ohiko denboraldiak ateak zabaldu ditu. Baina ez dakiguna da covid-19 birusak sortutako pandemiaren ondoren, datozen hilabeteotan atzerriko alpinistak ingurumari horretatik ibiliko diren. Zaila dirudi, baina, Karakorumeko denboraldian ikusi genuen bezala, agian baten batek bisita egin dezake.
Zalantza horiek argitzen joango diren honetan, aurreratu dezakegu mugimendu pixka bat egon dela. Jakina, ez atzerrikoen aldetik, baizik eta etxekoak izan dira protagonistak.

Horretarako, Paineko Dorreen Parke Nazionaletik (Txileko Patagonia) ipar-ekialdera dagoen Baguales izeneko mendilerrora abiatu behar gara. Alderdi hartan, Cerro Redondoren hegoaldeko hormak bi sokada ezberdin zain zituen. Denboraldi zail hau ikusita, mendiaren oinarrian jarri eta bi bide berri zabaltzeko aukera izan dute. “Painakan” (WI4, MD, 800 m) izena du lehenak. Bigarrenak, aldiz, “Contra corriente” (WI5, MD, 900 m). Irakurtzen den bezala, zailtasunak izotzezko sekzioetan bilduta daude.

Lehen igoerak

Baguales izeneko mendilerroa ez da batere garaia. Oro har, 2.000 metroko mendiak eta erpinak ditu. Eta horietako bat da Cerro Redondo.

Izen handirik eta pareta oso tenterik ez duenez, mendi horrek eta batez ere haren hegoaldeko aurpegiak apenas izan duen bisitarik. Joan den urrian, adibidez, Eduardo Weber, Chacho Navarro, Gonzalo Vasquez eta Karla Barriak osatutako taldeak mendilerro horretan esplorazioa egin zuen. Alpinistok, berez, mendi eskiko jarduna egitera abiatu ziren. Hegoaldeko hormara heldu zirenean, zur eta lur geratu ziren eskaintzen zituen aukera ederrekin.

Alpinismorako tresneria ez zutenez, etxera itzuli, bizkar-zakuak berriro bete eta egokitu, eta Cerro Redondora joan ziren berriro. Aurrean zuten pareta aztertu ondoren, irudian ikusten den bezala, ezker aldera jo zuten. 15 orduko eskalada eta izotzezko 65º-70º-ko sekzioak gainditu eta gero, “Painakan” sortu zuten. Antza denez, igoera hori Cerro Redondoren lehena izan daiteke.

Lagunen jarduera horren berri izan bezain laster, Antonia Alduna, Sebastian Pelleti eta Nico Secul agertoki horretara abiatu ziren. Eta haien kideek bezala, aukera izan zuten marra berri bat zabaltzeko: “Contra corriente”. Zailtasun gogorrenak lehen luzean (WI5) aurkitu zituzten.