Marcel Pena

Emakumeek musikan duten presentziari buruz sakondu dute Durangoko Azokan

Olatz Salvadorrek, Iratxe Reparazek eta Saioa Torrek parte hartu dute larunbat honetan Leire Palaciosek gidatutako ‘Emakumearen presentzia musikaren industrian, covid-19aren garaian’ mahainguruan, 55. Durangoko Azokan.

‘Emakumearen presentzia musikaren industrian, covid-19aren garaian’ mahaingurua. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
‘Emakumearen presentzia musikaren industrian, covid-19aren garaian’ mahaingurua. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

‘Emakumearen presentzia musikaren industrian, covid-19aren garaian’ mahai-ingurua larunbat honetan egin da, 55. Durangoko Azokan. Streaming bidezko hitzaldia Leire Palaciosek zuzendu du eta Olatz Salvador musikariak, Iratxe Reparaz DeepSodako arte zuzendariak eta Saioa Torre kultur teknikariak hartu dute parte.

Mahainguruan, emakumeek kulturan eta musikan duten zeregina aztertu dute, baita covid-19 pandemiak oso maskulinizatutako industria batean izan duen eragina ere. Alde horretatik, hiru parte-hartzaileak bat etorri dira esatean pandemiak eragina izan duela eta handitu egin duela musika-sektoreko generoen arteko arrakala.

«Momentu batean konturatu nintzen ti-ta batean programatu genuen ziklo batean ez zegoela apenas emakumerik. Niri hori normalean ez zait gertatzen, zeren oso barneratuta daukat esparru ezberdinetatik landu daitekeela, emakumeen lekua bermatu, bultzatu... Baina arrisku hori hor dago», azaldu du Saioa Torrek, krisi garaian antolatutako ziklo baten inguruan.

Zentzu honetan, Torrek beharrezko tresnatzat hartzen ditu kuotak, «ez soilik covid-19aren garaian, baizik eta egoera guztietan, funtzionatzen dutelako eta erreferenteak sortzen laguntzen dutelako».

Olatz Salvador ere emakume artisten kuoten aldekoa da, «krisi egoeretan kaltetuak izaten direlako zapalduenak», baina aldarrikatzen du emakumeen zeregina ez dela kuota bat betetzera mugatzen, baizik eta euren eginkizuna baloratzea eskatu du.

Azkenean, Iratxe Reparazek konfinamenduan kulturak izan duen garrantzia baloratu du, gizarteak kulturaren eginkizuna baloratu ahal izateko balio izan duena: «Aurten, 2020an, jendeak ikusi du kulturaren garrantzia, kultura dela esnatzen garen momentutik oheratzen garen momenturako zerbait. Kulturak bizia ematen digu eta laguntzen digu aurrera jarraitzen».