Nortzuk ginen?

Durangoko Azokako egunetan, zenbait sortzaileri txoko bat ireki die NAIZek, euren sormen prozesuaz mintzatzeko. Hurrengo lerroetan, Cira Crespo eta Elena Ciordiaren proposamena. Bien artean eraiki dute ‘Baginen’, Euskal Herriko historia emakumeen begiradatik jasotzen duen argitalpena.

Elena Ciordiak sortze prozesua irudikatuz osatu duen ilustrazioa. (Elena CIORDIA)
Elena Ciordiak sortze prozesua irudikatuz osatu duen ilustrazioa. (Elena CIORDIA)

Txikia nintzen oraindik, hamalau urte inguru nituen. Ongi akordatzen naiz arratsalde hartaz, Bartzelonako Gran Viako zenbaki urrun batera nola joan ginen, nire lagun mina eta ni, gutun hura uztera. Profesional bati erakutsi nahi nizkion ordura arte idatzitako testutxoak.

Artean, 90eko hamarkadan, ez zen Internetik eta zaila zen idazle batekin kontaktuan jartzea. Beste bide batzuk bilatu behar izaten ziren eta, hala, goiz hartan, liburutegitik liburuak ateratzen hasi nintzen, idazleren batengana eramango ninduen aztarnaren baten bila. Han ziren idazleen izenak, beren biografia txikiekin; liburu bakoitzak zekarren bere idazle izena. Baina biografia txiki bakar batean agertzen zen helbide zehatz bat, Bartzelonako Gran Viako atari bateko zenbaki batekin. Egia esan, ez zen nik nahi nuen idazlea, umeentzako liburuak idazten zituen-eta, baina nire hiriko helbidea zenez, nire posibilitateen barruan sartzen zen, behintzat. Ordura arte idatzia nuen guztia gutun azal handi batean sartu eta Mireiari hots egin nion. Banekien bera beti edozein abenturatarako prest egoten zela. Horrela, testuz betetako gutun azala hartuta, biok batera idazle haren etxerantz abiatu ginen.

Arc de Trionf-en metroa hartu eta Gran Vian jaitsi ginen. Lehenago inoiz zapaldu gabeko kalean barrena joan ginen, ibili eta ibili. Gran Via oso kale zabala eta luzea da, Bartzelonako luzeena. Harrituta nengoen, hura ere, leku urruti hura, nire hiria al zen? Bide aldapatsua izan zen, baina ondo pasatu genuen, elkarren ondoan. Azkenean, eraikin ezezagun batera iritsi ginen, guk idatzita geneukan zenbakia zeukana, eta gutun potolo hura postontzi batean utzi genuen, nekez, hain handia zenez ez baitzen aisa sartzen. Ez dut argi gogoratzen zer zegoen, zehazki, han barruan. Poemak, ipuinak? Bueno, gezurra, ondo dakit zer zeraman gutun hark: nire idazteko gogo bizia. Ez nuen inoiz erantzunik jaso, jakina. Baina niretzat bidea irekita zegoen, nik jakin gabe, arratsalde hartan idazlea izan nahi nuela erabaki nuen.

Denbora pasa da harrezkero eta idazteko gogoa nire inguruan ibili da beti, bere lekua bilatu nahian. Lehen egiten nituen fikziozko saioekin ez zen eroso sentitzen...«Cira, panfletarioegia ateratzen zaizu, kontuz... eta, begira ondo poema hauei, ez al dira txuriegiak?». Eskerrak Historia ikasi nuen, han aurkitu bainuen behar nuen ainguraketa. Pinturan, Europako Pizkundeko garaian, ihespuntua asmatu zen perspektiba lortzeko, irudiari sakontasuna eman eta objektuaren kokaleku erlatiboa jartzeko, alegia. Bada, hori da, besteak beste, historia niretzat: nire testuentzako ihespuntua, sakontasuna eta kokalekua ematen duena.

Ez da erraza, baina konturatu naiz hitzak ondo aukeratzen badituzu, historiak oraina argitzen laguntzen duela. Hitzak dira giza zientziak gizarteratzeko ezinbesteko tresna. Izan ere, gauzak esateko modurik argigarriena izaten da modurik ederrena ere. Ahaztuta daukagu, baina 1902an Thedor Mommsenek Literaturako Nobel saria irabazi zuen ‘Erromako historia’ liburuagatik, Antzinateko historiaren gaineko klasiko bat. Nik honi buruz ez dut dudarik, historiak eta literaturak bereizezinak izan behar lukete.

Hori guztia hartu dut kontuan ‘Baginen’ idazterako orduan. Eta horregatik nago hemen, hain zuzen, ‘Baginen’ liburuaren parte bat naizelako. Kasu honetan, kontatu dizuedan pasadizoan bezala, ibilbide hori ez da izan ibilbide bakartia. Nire partea liburuan hitzak jartzea izan da, baina ‘Baginen’, izan, liburu ilustratua ere bada edo, zehatzago esanda, Elena Ciordiaren ilustrazio liburu bat ere bada.

Elenarena izan zen ideia. Egun batean, liburu denda batean emakumez jositako liburu bat ikusi zuen. Mundu mailako erreferente urrunak ziren. Eta bere buruari galdetu zion: «Zergatik ez egin horrelako zerbait hemengo emakumeekin? Zergatik ez egin Euskal Herriko emakumeekin liburu ilustratu bat?». Elenak ideiari airatzen lagundu zion eta halaxe hasi zen lehenengo hegaka eta, gero, pausaleku bila. Txalaparta argitaletxeak egin zion harrera. Garazi Arrulak, editoreak, ondo zaindu gaitu bai ideia bai gu geu. Berak egin zidan, hain zuzen, liburuaren testuak idazteko proposamena.

Elenak eta biok elkar ezagutu genuen lehenengo egun hartan, Gasteizko gizarte etxe batean elkartu ginen. Elenak karpeta handi bat zekarren akuarelaz betea. Berehala konturatu ginen gauza asko geneuzkala komunean. Bere irudi lirainen ondoan nire idazteko moduan eroso aurkitu zen. Bere errealismo beharra ezagun egiten zitzaidan, neure isla balitz bezala. Eta horrela, besoz beso hasi genuen bidaia polit hori. Bidaia guztiak bezala, edo hobeto esanda, harreman guztiak bezala, hori ere elkarrizketa luze bat bezalakoa izan da. Kasu honetan, hala ere, gure arteko elkarrizketaz gain, beste emakume asko ere sartu dira gurekin hizketa egitera.

«Frantziska, badakit gaizki pasa zenuela. Esango diet, lasai. Maria maitea, ez ditugu zure ahalegin guztiak ahaztuko, ez izan horren beldurrik. Joxepa, nahiz eta zure koaderno guztiak erre zituzten, ez dugu zein izan zinen ahaztuko. Cecilia, argi utziko dugu ausarta izan zinela. Casilda, zure sustraiak omenduko ditugu. Maria Antonia, berdin zaigu zeinenak ziren egur haiek, zure alde gaude. Katalina, guapa-guapa aterako zara, ziur nago. Felisa, zerbait iluna sumatzen dut zure biografian, egia al da? Egon zaitezte lasai guztiak, saiatuko gara zuen historia ongi azaltzen, izan ere, behar zaituztegu: zuei eskerrak, hobeto sustengatuko dugu gure oraina.»

Elenak errespetu handiz hartu du parte dialogo honetan. Gogotsu bilatu du emakume bakoitzarentzako atmosfera egokia. Mendeak zeharkatu ditu edertasunean barrena. Kolore zehatzak jarri ditu eta aurpegietan duintasuna erakutsi, errealitatera hurbildu gaitu. Bere marrazkiekin asmo argi bat du: nor izan ziren, izan ginen, garen hobeto ulertzea.

Liburuarekin ari ginela, tarteka emakumeen irudi batzuk sakelakora nola iristen ziren gogoratzen naiz. Kalearen erdian egon nintekeen, edo etxean, telebista ikusten, eta, bat-batean, mezu baten doinua, tiriri-tiriri, eta irudia agertzen zen pantaila txiki horretan. Batzuetan pertsonaia horri zegokion testua idatzia izaten nuen, beste batzuetan ez. Ondo gogoratzen naiz, adibidez, Juanita Mirren kasuaz, haren txuri-beltzeko irudi hunkigarriaz, edo Bizenta Mogelenaz, edota eraikuntzako langileenaz...

Testu bakoitzari pausoz pauso, atalez atal hurbildu natzaio. Bana-banako elkarrizketak izan dira. Emakume bakoitza bizi zen giroa ikertu dut, artikulu akademikoen laguntzaz edo pinturen bidez edo garaiko egunkariak erabiliz, behin eta berriz errepikatzen zen galdera batentzako erantzunen bila: Nondik hasi istorio hau? Hori izan da nire helburua testu guztiekin: nondik hasi aurkitzen, zeren behin hasita, erraza baita jarraitzea, badakizulako nondik heldu, non kokatu istorio guztia.

Hara hor, adibidez, aurkitutako hasiera batzuk: 

«Egia da, sorkuntzarako beharrezkoak dira gogoa, trebezia, denbora eta leku bat norberarenak; baina artea eta kultura kolektiboaren lanaren emaitzak ere badira.»

«Donostian, Enrik Ibsenen ‘Panpina etxea’ antzezlana estreinatu zuten egunean, emakume gutxi izango zen ikusleen artean, ziur asko.»

«Bizi zaren mundua gustuko ez baduzu, bizialdia goxatzeko estrategia bat bilatu beharrean izango zara.»

«Zenbaki eta izendapen hutsek hotz utzi ohi gaituzte: maiz zaila izaten da horien atzean izan daitezkeen minez, beldurrez, pozez, nahigabeez, itxaropenez jabetzea.»

«Maria Antonia Katalinaga Gerekiz dut izena, Bermeoko auzoa, orain dela hiru urte Errigoitin jaioa, Erresuma arrotzetan bidaldian irten eta urtetan absente den Pedro Ugarteren emaztea.»

Gure idazketa prozesua ezagutu nahi baduzu, honaino iritsi bazara, balioko ahal zizun gure testu honexek berak eredu gisa. Hemen ere anekdota txiki batekin hasita abiatu gara, haurtzaroan kokatua, eta orain bukaera bat eman behar diogu. Baina, o, bukaerak. Egin kontu, batzuetan, testuak ez direla puntu eta aparte batekin bukatzen, ez. Ez dute istorio guztiek bukaera on bat behar izaten; batez ere, guztiz bukatzen ez direlako. Istorio batzuk, besterik gabe, zirpildu egiten dira, gaizki hartutako barrenak bezala.