Uxue Alberdi

Dendaostekoen dendaostea 10 urratsetan

Dendaostekoen dendaostea.
Dendaostekoen dendaostea.

Zauria

2018ko apirilaren 22a da, 40 urte zahar gaur Pitxintxu, amaren eta izebaren denda, haurtzaroko nire grabitate zentro garrantzitsuena. Argiak itzali eta hasi da argazki pasea: Ama, 20 urteko, kalean liburuak saltzen, artilezko jertsearen sorbaldetan adats eztikara luze eta eder. Izara brodatuak erakusleihoan, Marxen bizarrak eta Rosa Luxenburgen sudur kakoa maindireei begira. Uholdeen osteko denda lokaztuan ama berriz, 1983a, bi hilabeteko haurdun, haren sabelean enbrioi bat ni. Izeba lastozko txapela arrosa buruan, ebakortza ilun, lagun anarkoekin erretzen. Amamaren erretratua, klein urdineko trajearen papar hegalean pauma formako brotxea eta oinetan krema koloreko takoidun zapatak, dendako txanpon txikien zorroa besapean. Malkoak erreka nire masailetan eta dendaostean Deba ibaia urarre: denboraren iragatea zainetan.

Txinparta

2019ko uztaila, Usurbil. “Maitasuna politikoa da” ikastaroan Jone Arrazola Irati Garairekin batera ondutako liburua aurkezten: “Oñatiko emakumiak errekadutan”. Lehen aldiz diot boz gora: «Zerbait egin behar dut dendarekin». Arrazolaren hitzaldiaren titulua zen: “Habitatzen ditugun eta gaituzten kaleak”. Touché. Kafe tartearen ostean Oihane Ruiz Menendezen eta Leire Milikuaren hitzartzeak, hurrenez hurren: “Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak” eta “Arkitektura, desira eta sexualitatea”. Koaderno bete ohar: “arkitektua ez da eraikinez ari, jendeaz ari da”. Gorputz bete jende nire emozioen arkitekturan. Eta, baiki, maitasuna politikoa da.

Dendaosteko solasaldiak

2019ko iraila. Promosamena egin diet ama-izebei: «Zer iruditzen zaizue dendaren historia biltzeko elkartuko bagina? Nago, gauza asko konta daitezkeela dendaren historiaren eta dendako istorioen bitartez», diot. Ez dute zalantzarik egin, eguna finkatu dugu: asteazkenero 9:30ean dendaostean.

2020ko urria, dendatzea, grabagailua martxan: «gauza batzuk ezin dira kontatu» diote, eta hasi dira kontatzen, elkarrekin. 20 asteazken, 50 ordutik gora ahots grabazio. Ehunka galdera. Galdera gehiago. «A ze lana jarri diguzun», diote, eta gero «beste honekin ere akordatu naiz», «ez dut lorik egin», «ahaztuta neukan…». Memoria zirikatzearen ariketa, oroitzapenak etzalekuetatik zutitzen domino fitxa matxinatuak antzo. Play. Grabagailuan barreak, aitortzak, bezeroen kalaka, komertzialena, garraiolarien presa, adiskideen bisitak, telefonoa –«Pitxintxu, bai esan?»–, josteko makinen marmarra. Apunteak: “mugimendua harrapatu”, “taupada jaso”, “entzun soinuak”, “poza idatzi”, “xume”.

Distantzia

Erabakia: ahotsak haiena behar du. Idazleari kendu boza eta eman begiak eta belarriak. Aritu jostun: ebaki, albaindu, brodatu, errematatu, askatu, neurtu, tira, eten. Entzun, ikusi, ondo galdetu. Galdetu testuarentzat. Arroztu ama, arroztu izeba, arroztu amama… arroztu dena, harrapatzeko. Erantzunak ez dira alabarentzakoak, pertsekutatu testuak behar dituenak: Bilatu erritmoa (zein oihal mota dituzue?), bilatu espazioak (hitz egingo al didazue ibaiaz?), bilatu pertsonaiak (nolako harremana zenuten zuen amarekin?), bilatu hitzak (nola izena dute brodatuok?), bilatu deskribapenak (ibil dezagun kalea… zer zegoen hemen orain baino lehen?), bilatu mugimendua (bada urtarorik dendan?), bilatu eszenak (ama hilda topatu zenuenean…), bilatu gorputza (zer diozu zure eskuez?), giroak eta jiroak, ikuspuntuak, gatazkak, xehetasunak, gaiak, oihartzunak. Urrundu eta segi bila. Izendatu. Inbentariatu. Inbentatu.

Forma

Liburua aipu batekin ireki: Zure egunik onenez ezer ez dakidala ohartu naiz / kolpez, Ni gabekoak / direla Zure egunik beteenak / eta zuekin batera han egoteaz hasi naiz fantaseatzen. Iñigo Astizek amari idatzitako poema lapurtu dut Dendaostekoak-en atarian egin ditzan bi funtzio: behatxuloarena (irakurleari esanez nondik begiratu dion idazleak barruan datorrenari) eta giltzarena (sartu lasai, zure etxean zaude). Zuekin plurala gakoa da. Fantaseatzen hitza gakoa da. Fikziorik egin ez arren, fantasia bat baita liburu hau eta, akaso, liburu guztiak.

Barruan gaude. Sartu gara testura. Editoreak dio, nik diot, ken ditzagun gidoiak, joka dezagun ping-pong partida hau arbitrorik gabe. Tarteka, eten elkarrizketa eta utzi ahots bati, bakarka, bide egiten. Testuaren hasierako narratzaile siamesek bereizten joan behar dute, hariak askatzen, ahizpak norbanakotzen, hargatik konplizitaterik zartatu gabe.

Markatu atal nagusien gaiak eta zikindu. Atalen atze-oihalaren gainean katekorratzez lotu denetariko txatalak. Markatu kronologia bat. Tolestu. Eraiki logika bat. Hautsi. Eman paseo bat amaren besotik eta taula batean kaiolatu: taula epilogo bihurtu.

Hizkuntza

Arroztu hizketa. Aditu. Arroztu munduan aurrena entzun zenuen ahotsa. Zer dio? Kontalarion neurriko prosa sortu. Itzulpen ariketa: ahotsa testu bihurtu. Narratzaileen hizkuntzarekiko harremanaz pentsatu. Idazkera literarioaz duzun ideia problematizatu. Nolakoa da narratzaileon hizketa? Oharrak: “Josten duten bezala hitz egiten dute”, “ez dira solemneak, ez dira erudituak, ez dira kultuak, ez dira hiztun onak.” “Hiztun txarra izan al liteke kontalari ona?”. “Heldu akatsari”. Akatsa idatzi. Tenperamentua hitzetara eraman. Bitalitatea berbalizatu eta berbitalizatu. Arintasuna idatzi eta egin uko elebazioari. Amarratu handigurak. Askatu lasta. Gogoan izan: hemen esnatzargailuak saltzen dira, itzulketei deboluketa deitzen diete, hiru axola! esaten dute. Itzulpen ariketarekin dibertitu. Egin deboluketa literario bat.

Literaturtasuna

Tratatu hitzak oihalak balira bezala. Erabili haria inteligentziaz. Ikasi oihal merkeak estimatzen. Ukitu parpaila eta lumak. Josi zatarretarako piltzarren ederra. Karnabaletako oihalekin ari zara: konbinatu estanpatuak, lentejuelak, koloreak, distirak. Altxatu aulkitik, probatu soinekoa eta eman bi itzuli zure ardatzaren bueltan, ea baduen aski grazia eta lasaiera. Zakuzko oihalak eta belusak dituzu eskura. Etzan ikurrinak lurrean. Ohartu Arnaldo Otegi bigarren mailako aktore bat dela zure amaren amets batean. Dantzatu twist bat sakratuaren eta friboloaren artean. Sortu oihartzunak: panpina gorpuztu, orratza sentitu haragia zulatzen, konta dezala loro hiztunak kalea, hitz egin dezatela josteko makinek. Hartu tul arrosa bat eta josi azpiko gona bat gatazka politikoari. Pasaratu mina. Gehitu bainika bat. Gogoratu: “liburuak ere josi egiten dira”.

Azala

Ahoskatu: “azal arrosa fuksia nahi nuke, ahal balitz”. Birresanahitu arrosa, adiskidetu kolorearekin (sic). Liburua gauzaz eta jendez beteta dago, denda tituluan agertzen da. Objekturik eta pertsonarik eta dendarik ez azalean. Editoreari esan: “Ahate bat jarriko bagenu arrosaren gainean?”. Ahateek ibaiaren biziberritzea adierazten dute liburuan, bizitzaren zikloa, heriotza eta jaiotza, harraparien hurbila, amamaren pauso baldarra. Xabier Gantzarainen proposamena jaso. Sorpresa: Ahatea ornitorrinko bilakatu da. Antipodetako animalia sailkaezin bat etxeko hautsaren gainean. Bikain. Kontalariei erakutsi: “Zer arraio da? Otorrino bat?”. Jakina: otorrinoa, entzute-ariketa honetarako.

Itzulera

2020ko martxoaren 15a, amaren urtebetetzea, itxialdiaren hasiera. Etxeko bi helduon agendak, langile bizitzan aurrenekoz, hutsik. Bertso-saiorik ez. Kontzerturik ez. “Dendaostekoak” gero eta hurbilago dago forma definitibotik. Leihoaz bestalde ez dabil inor. Dendak itxita daude. Itsasoa, bare. Artean ez dakit oso gutxi falta zaidala berriro Pitxintxura joaten hasteko.

Oraingoan ez nator idazle, dendari nator. Idatzi nuen munduaren barruan amaitu dut lanean, pertsonaiak ezagutu ditut: A, B, C eta D bezeroek izenak dauzkate orain, garraiolariei paperak zigilatzen dizkiet, Izaskunek itzulketak egiten ikasi duenean hasi naiz ni deboluketak egiten. Erakusleihoan fuksia tanta batzuk. Dendaostearen parte naiz orain. Zuekin batera hemen eta han egoteaz ari naiz fantaseatzen.