Oinatzek notarekin gainditu du azterketa baina puntua Peña eta Albisuk eraman dute (18-22)

Leitzarrak ikuskizun polita eskaini badu ere, azkenerako bikote gipuzkoarraren sendotasunak euren bigarren garaipena eman die partida luze eta orekatu batean.

Azkenerako partida handia jokatu du Albisuk. (Gorka RUBIO/FOKU)
Azkenerako partida handia jokatu du Albisuk. (Gorka RUBIO/FOKU)

Azterketa bat balitz bezala hartu du Oinatz Bengoetxeak Iñaki Artolaren lesioak ireki dio aukera hau eta, hala bada, notarekin gainditu duela esan genezake, nahiz eta partida borrokatu eta orekatu batean, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuk eraman duten jokoan zegoen puntua 19-22 irabazita. Baina kirol profesionalean ikuskizunak gero eta garrantzi handiagoa duela jakinda, partidak telebistak emateko jokatzen dira, leitzarrak oraindik onenen artean bere lekua baduela erakutsi du. Kolpez dezente gehiago den bikote baten aurrean, bestelako armekin min nola egin erakutsi du –eta hori beti eskertzen du ikusleak–, arrisku handiak hartu ditu eta era guztietako erremateak egin ditu eta hori guztia gutxi balitz, pilotazaleen faltan, bere bikote Aitor Arangureni bere borrokarako grin hori trasmititzeko gai izan da. Hori bai, azkenerako pilotaren edo kirolaren logika gailendu da eta bikoterik indartsuena nagusitu da, txapelketako bigarren garaipena bikote gipuzkoarrarentzat.

Hasiera batean urdinak 3-6 aurreratu badira ere, partida hasiera orekatua eta gogorra izan da, Oinatz Bengoetxea hasiera-hasieratik hasi baita arerioak bere tranpan harrapatu nahian. Kolpez gehiago da bikote gipuzkoarra, Albisuk partida bikaina jokatu du, hasieran alerik galdu ez eta zuloak zabalduz, baina txapelketan behetik gora datorren Arangurenek ondo eutsi dio eta Bengoetxeak izan duen aukera bakoitzari zukua atera dio, efektoekin eta era guztietako erremateekin bihurrikeriak eginez.

Kontraerasoan egin ziezaiokeen minaren beldur, errespetuz edo, Jon Ander Peña ez da bere atzelariak sortu dizkion aukerei nahi bezainbeste zuku ateratzeko gai izan eta partida gogortu eta luzatu egin da, gorrien defentsa handia izan delako. Gora behera askotxorekin, Bengoetxea-Peña heldu dira aurretik markagailuan lehen atsedenaldi luzera (12-11), atzelariak bere burua txokoan lurrera bota eta zabalean egindako dejada zoragarri bati esker.

 

Urdinek erantzun

Partidak baina, ordura arteko joera berarekin jarraitu du, markagailuan etengabeko aldaketekin, baina gehienean urdinak aurretik zirela. Pixkanaka, Jon Ander Peña eraginkorrago aritu da, baina laurek defentsa handia erakutsi dute, pilotak ere dezente geratu dira eta partida asko luzatu den arren inor ez da fisikoki erori eta bigarren atsedenaldi luzean urdinak izan dira, bi tantoz (16-18) aurretik joan direnak.

Saiatu dira leitzarra eta aginagarra partidari eusten, baina azkenerako Peña eta Albisuren sendotasuna nagusitu da, aurreko astean ez bezala une erabakigarrietan ondo asmatu dute eta merezimenduz eraman dute euren bigarren puntua.

 

Fitxa teknikoa

Bengoetxea VI.a-Aranguren:18

Peña II.a-Albisu:22

Pilotakadak: 731. Iraupena: 76 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-6, 6-6, 6-7, 8-7, 8-8, 10-8, 10-11,11,11, 11-12, 12-14, 14-14, 14-16, 15-16, 15-17, 16-18, 17-19, 18-19, 18-22. Sakeak: Ez da izan. Tantoak: 7 Bengoetxea VI.ak, 3 Arangurenek, 8 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Hutsak: 4 Bengoetxea VI.ak, 5 Arangurenek, 5 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gorabeherak: Binakakoaren hirugarren jardunaldia Zornotzan hasi da, publikorik gabe.