Dabid LAZKANOITURBURU

Emakumea, beltza eta fiskal ohia

Kamala Harris, AEBetako presidenteordea. (Melina MARA/AFP)
Kamala Harris, AEBetako presidenteordea. (Melina MARA/AFP)

Azkenaldiko AEBetako gertakari izugarriek aurrez aurre jarri dituzte Donald Trump eta Joe Biden, Joe Biden eta Donald Trump. Ondorioz, nolabait itzalean gelditu da Kamala Harris, baita bere kargu hartzeak duen garrantzia ere, sinbolikoa zein etorkizunari begira.

Izan ere, urtarrilaren 20az geroztik, Ipar Amerikako hegoaldeko kolonia britainiar ohiek duela bi mende eta erdi AEBetako Errepublika Federala sortu zutenetik herrialdeak duen lehen emakume presidenteordea da.

Eta hori gutxi balitz, lehenengo presidenteorde beltza ere bada, ez zentzu biologiko hutsean, baita zentzu soziologikoan ere. Gainera, jatorriz asiarra ere bada, bere ama indiarra –hobe esanda tamila– baitzen.

Harris 1964ko urriaren 20an jaio zen, Kaliforniako Oakland hirian. Bere aitak, Jamaikako ekonomialari beltza, eta batez ere  bere amak, Shyamala Gopalan, urte haietan Berkeleyn bizi zen matxinadaren eta kultur aniztasunaren aldeko espiritua helarazi zioten Kamalari –bere izenak “loto” esan nahi du eta Lakshami jainkosa hinduaren izenetako bat da–.

Pantera Beltzak garai hartan eta Oakland hirian bertan jaio ziren, eta bera eta bere ahizpa beltzak zirela jabetu zitezen Rainbow Sign egoitza kulturalera eramaten zituen biak amak. Egoitza hori, ez zen, ordea, beltzen borrokan muturrenetarikoa, politikan pragmatismoa eta indarreko posizioetatik negoziatzeko beharra azpimarratzen zuena baizik. Ideia horrek sekulako eragina izango zuen Harrisengan.

Arraza segregazioari aurre egiteko programa aitzindari bati esker Oaklandeko eskola publiko on batera joateko aukera izan zuen Harrisek, ordura arte zurientzat bakarrik zen eskola batera. “Beltzen Harward” moduan ezaguna den Howardeko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak, baina ez zuen abokatua izatea nahi, fiskala baizik. San Frantziskoko Alameda konderriko fiskala izan zen lehenik, gero San Frantziskoko barrutiko fiskala eta, azkenik, Kaliforniako fiskal nagusia.

Gogoratu behar da fiskal kargua hautatu egiten den kargu politikoa dela AEBetan, beraz, hautesleei segurtasuna eta zuzentasuna eskaintzea ezinbestekoa da postua ez galtzeko. Harrisek berak laburbildu zuen bere jokabidearen funtsa: «Zilegi da zure auzoan Poliziak delituak ekidin ditzan nahi izatea eta, aldi berean, Poliziak indar gehiegi erabil ez dezan nahi izatea». Jokabide horrek sektore aurrerakoienetatik aldendu zuen; are, kritika latzak jaso zituen bere gogortasunagatik.

Fiskal kargua eta lortutako ospea senatari bihurtzeko erabili zituen Harrisek, Kaliforniako Alderdi Demokrataren eskutik, non eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen gotorlekuan. Horretan ere lehena izan zen. 2019an, bere burua aurkeztu zuen demokraten primarioetan AEBetako presidente izateko hautagai bihurtzeko asmoz, baina laster ikusi zuen ez zuela lehia irabazteko aukerarik.

Horrela bada, bazterrera egin zuen Bidenen mesedetan eta honek, trukean, presidenteorde kargurako proposatu zuen, Harrisek berak eztabaidetan bota zizkionak ahaztuta. Hori baita presidenteordearen “abilezia”: atzo esandakoak bihar ukatzea eta gai potoloenei buruz isil-isilik egotea, inork ez dezan gerora berari ezer leporatzerik izan.

Horrela lortu du hainbeste erronka gainditzea eta, 2024an,  56 urterekin, Etxe Zurian Bidenen lekukoa hartzeko aukera handiak izatea. «Superheroiak nonahi daude», dio haurrei zuzendutako bere liburu batek. Berak behintzat edonora iristeko gaitasuna erakutsi du.