Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Usurbilgo makroproiektua baztertu eta Adunan jarriko du egoitza Elkar taldeak

Elkar taldeak Adunako Haizpe industrialdean jarriko du bere egoitza berria, NAIZek jakin ahal izan duenez. Egoera ekonomikoagatik, aurreikusita zeuzkan inbertsioak birplanteatu eta, Gureak-ekin batera, Usurbilen hitzartutako proiektu handia baztertu du argitaletxeak. Proiektua bera, kili-kolo.

Zapategi eremuan, Urbilen parean, aurreikusita zegoen proiektuaren maketa, Elkar eta Gureak taldearen egoitzekin. (USURBILGO UDALA)
Zapategi eremuan, Urbilen parean, aurreikusita zegoen proiektuaren maketa, Elkar eta Gureak taldearen egoitzekin. (USURBILGO UDALA)

Kolpe latza izan da pandemia maila guztietan. Arlo ekonomikoan, suntsigarria. Horren adibide garbia, duela hiru bat urte Usurbilen Michelinek utzitako oruberako iragarritako makroproiektuarekin gertatu dena: Usurbilgo Udalak, Elkarrek eta Gureak taldeak atzo elkarrekin argitaratutako komunikatuan, Elkar argitaletxeak proiektua utzi duela iragarri zen. «Covid-19ak sortutako testuinguru latzak behartuta», komunikatuak dioenez, Elkarrek ez du aurrera egingo bere egoitza berria Usurbilen eraikitzeko proiektuarekin eta, ondorioz, Gureak taldea, egitasmoaren beste ‘hanka’, beste aukera batzuk ikertzen ari da uneotan.

Albistea kolpe gogorra izan da Usurbilentzat, Udalak berak aitortu duenez, «mimo handiz landutako proiektua izan baita hasieratik: ahalegin handia egin zen eta da, eta horri esker lortu zen proiektua Usurbilera eraman ahal izatea. Ez da berri ona ez Usurbilgo Udalarentzat ez Usurbilgo herriarentzat».

Krisiaren minak

NAIZek jakin ahal duenez, Elkarrek Tolosaldeko Aduna herriko Haizpea industrialdeko eraikin bat hautatu du azkenean. Asmoa urte honetan bertan bertara joatea da. Oso ondo komunikatuta dago industrialdea, autobidearen ondoan, eta Adunan bertan dute egoitza beste enpresa berritzaile batzuek, esaterako, Irizar e-mobility, Europako elektromugikortasun lehen planta. Elkarreko iturrien arabera, Adunako egoitza berriak «inbertsioa txikiagoa eskatuko du. Usurbilen lurra geneukan, baina lur horretan eraiki behar genuen; Adunan dagoeneko egindako dagoen eraikin bat hartu eta hura moldatuko dugu».

Kulturaren sektorearen krisiaren aurrean adi ibili behar izan du argitaletxeak, nahitaez. «Beti jokatu izan dugu tentuz –aitortu digute–. Baina lehenengo urteko pandemiak honakoa esatera behartu gaitu: aizu, inbertsio batzuk ezinezkoak dira orain, birplanteatu egin behar ditugu».

Inbertsioa handia zen; garaiak ere, desberdinak ziren egitasmoarekin hasi zirenean. Hastapena 2018ko urriaren kokatu behar da. Michelin enpresak Urbil merkataritza gunearen parean utzitako orube bat amets urbanistiko eta ekonomiko baten hazia bilakatu zen: inklusibitatea eta euskal kultura uztartuko zituen eraikin multzo bat sortzeko ametsa ernatu zen.

Elkar zein Gureak taldeek zituzten beharrak proiektu bakar batean elkar zitezkeela ikusita, proiektu bateratu bat landu dute azken urteotan Usurbilgo Udalak eta aipatu bi taldeek. Usurbilgo Zapategi eremuan kokatu eta hirigintza hitzarmen batean bildu zuten egitasmoa.

Hiru aldeek kaleratutako komunikatuan, horrela aipatzen da egitasmoa: «Elkarrek bere jarduera eta biltegia bilduko lituzkeen pabiloi bat eraikitzeko beharra zuen, azken urteetan banaketaren arloan izandako garapena tarteko. Gureak-en kasuan, lau pabiloi eraikitzekoak ziren. Lasarteko tailerra zaharkitua gelditua zitzaien, eta horrek eragindako beharrei erantzuteaz gain, Donostian zein Errenterian dituen zenbait lantoki ere bertara aldatzeko asmoa zuten. Proiektuaren dimentsioaren adierazle, Usurbilera eramatekoak ziren lanpostu kopurua: guztira, 950. Udalarentzat, proiektuaren izaerak bat egiten zuen guztiz Usurbilekin: batetik, Elkarrek euskararen eta euskal kulturaren egiten duen zabalkunde lanagatik eta, bestetik, Gureak-ek arlo sozialean inklusibotasuna bultzatzen egiten duen lanagatik».

Babes zabala

2018an hirigintza hitzarmena aho batez onartu zuen Usurbilgo udalbatzak. Michelinek Zapategin libre utzitako gunea erosi eta, hitzarmen baten bidez, Usurbilen Michelinek dituen lurrak bi gunetan banatu ziren: alde batetik, gurpilak egiteko Michelinek erabilitako 70.096,39 metro karratuak; bestetik, Gureak eta Elkar taldeen eraikin berrien kokagunea, 45.562 metro karratukoa.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia berak eman zion babesa egitasmoari, proiektu «ilusionagarri» hau «erreferente» bihurtuko zelakoan «bai lurraldearentzat, baita Euskal Herri osoarentzat ere» arlo sozioekonomiko eta kulturalean.

Gureak eta Elkar taldeei beraien egungo egoitzak txiki geratu zitzaizkien; hori zen Usurbilera lekualdatzeko arrazoia. Esaterako, Gureak-ek aurreko lau urteotan jarduera bikoiztu zuen. Elkar Fundazioak, berriz, liburuaren kate osoa bere baitan hartzen duen enpresa taldea osatzen du eta, orduko datuen arabera, Fundazioko enpresen artean 121 milioi euroko negozio-zifra zuten 2017an. 450 langile zituen taldeak guztira.

Usurbilgo Udalaren webgunean oraindik zintzilikatuta dagoen proiektuaren arabera, aurrekontua 45 milioi eurokoa zen; horietatik 27 Gureak jarriko lituzke eta 18 Elkarrek. Elkarrek eraikin bakarra egin behar zuen; Gureak-ek lau. Lanen hasiera 2020ko erdialderako zegoen aurreikusita, baina pandemiak dena atzeratu zuen.

Orain egoera aldatu da, erabat. Usurbilgo Udalak aipatutakoaren arabera, «egoera zaila kontuan hartuta ere, aurrera egiteko konpromisoa izan du (Elkarrek), egoitza berrirako plana eginez, baina covid19-ak beste irtenbide bat topatzera behartu ditu. Ez da Elkarren gustuko erabakia izan, taldeak ikusten baitzuen Usurbilen zuela bere beharretarako propio egokitutako egoitza eraikitzeko aukera.

Baina une honetako egoerak enpresa behartzen du baliabideak neurriz erabiltzera, ziurtatu behar baitu hurrengo urteetan bere jarduerak aurrera jarraituko duela eta lanpostuei eusteko gaitasuna izango duela».

Gureak taldeari dagokionez, bakarrik ezin dio aurre egin aurrez adostutako proiektuari. «Antolamendu berri bat lantzen ari dira, eraikigarritasuna eta karga urbanistikoak jaitsita, Gureak Usurbilen gelditzeko ahaleginean», atzo kaleratutako komunikatuan aipatutakoren arabera. Antolamendu berri horrek, hainbat hirigintza-tramite berregitea eskatzen du.

Gureak taldearentzat lehen aukera Zapategi eremuak izaten jarraitzen duen arren, beste aukera batzuk ere aztertzen ari da, esaterako, Zubietako Eskuzaitzetako industrialde berria. «Une honetan, kronograma bat lantzen ari gara, eta apirilaren amaiera aldera behin betiko erabakia hartu nahiko luke Gureak-ek», azaldu dute.