Arnaitz Gorriti

Irabazitako azken ACB Ligaren sehaskaren epelera itzuliko da Baskonia Valentziara

Bai gasteiztarrek nola Valentzia Basketek Euroligan egiten ari diren hutsegiteak konpondu nahi izaten dituzte Ligako neurketetan. Ikusi egin behar Dusko Ivanovicek Youssoupha Fall kantxaratuko ote duen Alba Berlinen aurka aulkira «iltzatuta» utzi ondoren.

Sedekerskis eta Polonara irudian, Berlingo Albaren aurka hobekien aritu ziren bi jokalari gasteiztarrak. (Endika PORTILLO / FOKU)
Sedekerskis eta Polonara irudian, Berlingo Albaren aurka hobekien aritu ziren bi jokalari gasteiztarrak. (Endika PORTILLO / FOKU)

«Bi egun barru partida berri bat jokatzeak gauza on bat du: azkenengo porrota ahaztu, atseden hartu eta hurrengo partidari begira haste gaitezkeela». Horra Achille Polonararen hitzak Berlingo Albaren aurka ostiral gauean galdu ostean. Saski Baskoniak Euroligan jokatu dituen azken hiru partidak galdu ditu eta orain ACB Ligan bilatu behar Europak azalean utzitako urratuen ukendu baltsamikoa.

Alabaina, Valentzia Basketen kantxan jokatu behar du, igande arratsaldeko 18.30etan. Ez da, beraz, aurkari xamurra izango, nahiz eta Jaume Ponsarnauren gizonak ere errenka iritsi diren domekako partida honetara. Valentziarrek Euroligan jokatu dituzten azken bost neurketetatik lau galdu dituzte, tartean Gasteizen, non 17 puntuko aldea pasatzen utzi zuten.

ACB Liga beste kontu bat da, ordea. Baskoniak azken 12 neurketetatik 11 irabazi ditu eta valentziarrek, berriz, azken 8 neurketak segidan.

Gasteiztarrek, bestalde, Fuente de San Luis pabilioia bihotzean sartuta izango dute. Nola ez ba, hantxe lortu baitzuen Dusko Ivanovicen taldeak duela sei hilabete eskas bere ibilbideko bosgarren ACB Liga. Zeinek ahaztu Luca Vildozak sartu zuen azken saskiraketa hura, edo Achille Polonara berak harmailetan gora jo zuen sprint eroa, titulua bakarka ospatzeko nahi berezi harekin?

Sehaska epel bat bailitzan, «La Fonteta» –«iturritxoa», alegia– Baskoniaren memoria sentimentalean iltzaturik geratuko da betirako. Ikusi egin behar, ordea, iltze guztiak horren finkoak eta gogorrak izango ote diren. Esaterako, Dusko Ivanovicek Youssoupha Fall Berlingo Albaren aurka aulkien iltzatu zuen modua.

Senegalgo erraldoiak ez zuen segundo bakar batez ere jokatu alemaniarren aurka. Antza, Berlingo taldeak segundo gutxitan bilatzen omen du saskia eta beronen gizonik garaienek ere kanpora atera eta urruneko jaurtiketen bidez zein piboteen bizkarretik uztaipera sartzen diren jokalari arinen mozketak bilatuz, sekulako triskantza egingo ote zuten beldur zen Montenegroko entrenatzailea. Horren ordez, Sedekerskis, Peters, Giedraitis eta Polonara txandakatu zituen Berlingo jokalari azkar eta arinak defenditzeko. Jekirik minutu oso gutxi izan zituen eta apenas izan zuen jokoan eraginik. Ilimane Diopek minutu bakarra jokatu zuen eta Ivanovicen atsegin ez zelako izan, aulkira itzuli zen. Fall, ezta kantxara atera ere.

Ikusi egin behar Valentzia Basketek zein joko mota plazaratzen duen. Dubljevic min hartuta dago –Prepelic hegalekoa ere bai– eta ziurrenik ez da jokatzeko moduan egongo, baina Tobey, Labeyrie, Kalinic edo Derrick Williamsek kanpora atera, urruneko jaurtiketak bilatu edo piboten bizkarretik uztaipera hurbildu daitezkeen jokalari arinen mozketak baliatu ditzakete.

Egia da, bestalde, Baskonia urtarrilean batez beste 90 puntu jasotzen ari dela Euroligan. ACB Liga beste kontu bat da, baina ezin da ahaztu Valentzia Basket Euroligako taldea dela. «Erasoan ongi gabiltzanean bakarrik defenditzen dugu ganoraz, eta erasoan gauzak ez zaizkigunean ateratzen, defensitzeari lagatzen diogu», kexatu zen Ivanovic ostiral gaueko prentsaurrekoan. Ea ba Valentziara bueltatze honek gasteiztarren ajeak nolabait baretzen dituen.

Hirugarren garaipena nahi Illunben

ACB Ligako azken bi neurketetan garaipena erdietsi ostean, denboraldiko unerik gozoenean dira Acunsa Gipuzkoa Basketeko kideak. Tamalez, igande arratsaldeko aurkaria ez da badaezpadakoa: Saras Jasikeviciusen Bartzelona izango da Illunben bisitari 17.00etatik aurrera.

Gipuzkoa Basketek 2010ean bakarrik lortu zuen Bartzeonaren aurka irabaztea: 71-60, 2010eko apirilaren 17an. Baina garai hartan GBCko entrenatzailea Pablo Laso zen eta Bartzelonakoak, Juan Carlos Navarro eta Ricky Rubio. Atera kontuak.

Astean zehar gauza garrantzitsuak pasa dira Donostian: Brandone Francisek agur esan dio taldeari; Mike Carlsonek denboraldia amaitu bitartean kontratua luzatu du GBCrekin eta Marcelo Nicolak berak ere covid-19 gainditu du. Bartzelona aldean, berriz, Brandon Davies eta Nikola Mirotic itzuli dira jokora eta ostiralean Belgradek Izar Gorriari 60-72 irabaztetik dator. Beraz, Nicolarenek badakiten Bartzelona serio bat izango dutela aurrean eta gogotik lan egin beharko dutela hirugarren garaipena jarraian lortzekotan.