NAIZ

Musika eta kontalaritza batuko ditu ‘Elkano battela’ ikuskizunak

Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak asmatu eta landutako sorkuntza da ‘Elkano battela, xumea baina gurea’, Getariako nabigatzailearen lehen mundu-biran oinarritutako obra.

Ikuskizuna martxoan estreinatuko dute, Getarian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Ikuskizuna martxoan estreinatuko dute, Getarian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

‘Elkano battela, xumea baina gurea’ ikuskizuna helduentzat sortu dute elkarlanean Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak kontakizunak eta musika uztartuz, Getariako Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen lehen mundu-biran oinarrituta, hiruren artean ikus-entzuleak «musikaz eta literaturaz osatutako bidaia oniriko batean barrena gozo gidatzeko».

Artistek asteazken honetan aurkeztu dute obra Donostian, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) zuzendari Pantxoa Etchegoinekin eta Elkano Fundazioaren proiektu koordinatzailea den Rafa Zulaikarekin batera, horiek baitira ikuskizuna sustatu duten bi erakundeak.

Amestoyk azaldu duenez, «Elkanoren itsasbideari jarraituz, hark sekula entzun gabeko kontakizun eta kondaira batzuk aurkitu nituen, eta haietan oinarrituta kontakizuna antolatu dut», eta Nerea Alberdik, berriz, «hainbat lekutako kutsuak» dituen partitura bat garatu du, kontakizuna lotu eta girotzeko. Agertoki gainean, Kepa Elgoibarrek musikarekin eta abestiekin aberastu egingo du helduentzat sortua izan den kontakizun- eta musika-ikuskizun hau.

Oraingo osasun-egoera dela eta, sortzaileek elkartu ezinik garatu behar izan dute lanaren zati handi bat, baina, aurreratu zutenez, jada hasiak dira elkarrekin entseatzen, martxoan Getarian izango den estreinaldirako, «pandemiari aurre egiteko neurri berriek aukera ematen badute behintzat».

Ikuskizunaz ere mintzatu dira. Obra Juan Sebastian Elkano esploratzailearen mundubirak inspiraturikoa da: «Battela barku ttikia itsasoratzen da, kaio bat gidari duela eta Lutxi neska gaztea lemazain, honek eginkizun bat baitezpada burutu egin behar duela eta. Itsasoan gaindi nabigatzearekin bidean ez galtzeko, iparrorratza erabiltzen du: larruzko pilota zahar bat. Ozeanoak zeharkatuz doazela, itsasalde berri batetik uharte ezezagun batera, bidenabar, hiru ibiltariak hainbat ustekabe eta gertaldiren lekuko izango dira», aurreratu dute.

Estreinaldiaren egunean, lehen zirkunnabigazio harekin zerikusia izan zuten euskal udalerrien arteko loturak estutze ere izango dute helburu, 2019an bezala. Urte hartan, ‘Itsasoratze Ituna’ sinatu zuten, euskal herritarrek espedizio hartan izandako garrantzia azpimarratu eta itsasoa euskal kulturaren parte eta herrien arteko zubi dela aldarrikatzen zuen testua.

Getarian estreinatu eta gero, apirilean, Ipar Euskal Herrian ikusi ahalko da ikuskizuna.