NAIZ

Hamabost gazte deklaratzera deitu dituzte 2019an Gasteizen trenbidea okupatzeagatik

Arabako Probintzia Auzitegian deklaratu beharko dute otsailaren 18an eta 25ean 2019an atxilotuak izan ziren hamabost gaztek. Trenbidea okupatu zuten Gasteizen Altsasuko gazteen eta Kataluniako preso politikoen aurkako epaiak salatzeko. Ertzaintzak kolpeka zapuztu zuen protesta.

Ertzaintzak 21 lagun atxilotu zituen Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)
Ertzaintzak 21 lagun atxilotu zituen Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)

2019ko urriaren 17an milaka gaztek parte hartu zuten Euskal Herrian Ernaik deitutako mobilizazioetan Altsasuko gazteen aurkako epaia eta Kataluniako preso politikei ezarritako zigorra salatzeko.

Gasteizen antolatutako ekimenean parte hartu zuten dozenaka gazteek trenbidea moztu zuten manifestazioa amaitu ondoren, eta Ertzaintzak 21 lagun atxilotu zituen EHUko campusaren ondoan izandako protesta kolpeka sabanatu ondoren.

Hala Bedi Irratiak astelehen honetan argitaratu duenez, hasiera batean jardunbidea bideratu zuen epaileak amaitutzat jo zuen prozedura, baina orain, hamasei hilabete pasa direnean, Gasteizko epaile batek deklaratzera deitu ditu hamabost gazte, zehazki atxiloketak izan ziren egunean adinez nagusiak ziren gazteak. Gainontzekoen aurkako prozedura irekita dago, baina Adingabeen Fiskaltzaren eskutan dago auzia.

Hala, hilaren 18an eta 25ean deklaratu beharko dute Arabako Probintzia Auzitegian, trenbideak okupatzeagatik. Dirudienez, epaileak erabaki hori hartu du Ertzaintzak argazki berriak aurkeztu dituelako.

Ernai Gazte Errailak dinamikak ekimenak iragarriko ditu datozen egunetan prozesuaren «gastu ekonomiko, juridiko eta politikoei aurre egiteko».

Atxiloketak izan ziren egunean Sortuk gogor salatu zuen Ertzaintzaren «bortizkeria». «Atxilotuei eta haien inguruneari gure elkartasuna eta babesa helarazten diegu. Atxiloketak erabat lekuz kanpo daude. Era berean, lehenbailehen aske utzi ditzaten exijitzen dugu», adierazi zuen.