NAIZ

Greba eta manifestazioa deitu dute Tubacexeko langileek ostegun eta ostiralerako

Amurrio eta Laudioko lantegietan 150 pertsona kaleratuko dituela jakin ostean, Tubacex enpresako langileek greba eginen dute ostegun eta ostiralean, greba hori mugagabea izatea baztertu gabe. Ostegun arratsalderako, gainera, manifestazioa deitu dute Laudion.

Amurrio eta Laudioko lantegieen artean Tubacexeko langileek egin zuten aurreko protesta bat. (Raúl BOGAJO / FOKU)
Amurrio eta Laudioko lantegieen artean Tubacexeko langileek egin zuten aurreko protesta bat. (Raúl BOGAJO / FOKU)

Tubacex enpresak Amurrion eta Laudion dituen lantegietan 150 pertsona kaleratzeko prozesua hasi ostean, langileek greba eginen dute aste honetako ostegun eta ostiralean. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, datorren astetik greba mugagabea egitea aztertzen ari dira.

Mobilizazioak, baina, ez dira hor amaituko. Ostegunean, lehen greba egunarekin batera, manifestazioa deitu dute, 18:00etan Laudioko lantegitik abiatuko dena.

Ohar baten bidez, ELAk kaleratze horien aurka egin du: «Uste dugu enpresak behin behineko egoera bat baliatu nahi duela kaleratzeak arrazoitzeko, covid-19rena, hain zuzen ere». Era berean, «xantaia» egitea leporatu diote, «langileen soldata jaisten zela edo 150 kaleratze egingo zituela esanez». Sindikatuaren aburuz, «enpresak arrazoi produktiboak alegatzen ditu kaleratzeko, eta horrek argi eta garbi uzten du xantaia egin digula; izan ere, lan-kargarik ez badago, ez da ulertzen enpresak soldatak murrizteko duen proposamena».

Gogora ekarri duenez, 2019an, osasun krisiaren aurretik, enpresak sei milioi euro banatu zituen akziodunen artean. «Horrek egoera hori koiunturala dela berresten digu».

Hori dela-eta, e
Enpresari eta bere akziodunei, besteak beste Lakuako Gobernuari, «kaleratze erregulazioko espedientea kentzea eta Tubacexeko langile guztientzako plan industrial bat egitea» eskatu diete.