NAIZ
DONOSTIA

«Sistemari arrakalak sortzeko» konpromisoa berretsiko du mugimendu feministak, M8-an

Osasun larrialdi egoeran, «herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi dela» salatu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Eta, martxoaren 8ari begira, «sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa» hartu du, herri eta hirietan egingo diren mobilizazio ugarietan.

Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu martxoaren 8rako. (Gorka RUBIO / FOKU)
Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu martxoaren 8rako. (Gorka RUBIO / FOKU)

‘Dena aldatu, sistema arrakalatu’. Hori da Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako aukeratu duen leloa. «Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko», adierazi dute Donostian egin duten agerraldian.

Duela bi urteko greba ekarri dute gogora, zeinetan «bizitzak erdiguneratzeko beharra» aldarrikatu zuten. Iaz, era berean, antolatzeko beharra izan zen aldarria. «Ordutik, covid19-ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu», azpimarratu dute.

Osasun larrialdi egoeran, «herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi dela» salatu dute. Horren adibide jarri dute «mugak eta kaleak militarizatuta» ikusi direla, «abusu polizial eta instituzional arrazistak» salatu direla, «ehunka kide kaleratuak» izan direla, «milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dutela zaintza lanengatik», baita Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko «ahalmen eza agerian» geratu dela, «espazio okupatuak desalojatu» dituztela, «indarkeria matxistak ez duela etenik» izan eta krisialdiak, bereziki, «eragin zuzena izan duela eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan».

Hori dela-eta, «sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa» hartu du Euskal Herriko mugimendu feministak.

Mobilizazioak, bizi dugun egoera dela-eta, ez dira ohiko eran egingo, «baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu».

Donostian, 18:30ean, Antiguako tuneletik hasiko da manifestazioa; Gasteizen, 19:00etan, San Anton plazatik; Baionan, 12:00etan, Ospitaletik hasita; Bilbon 19:00etan, Jesusen Bihotzetik; eta Iruñean, 20:00etan, izango da auzo denetan. Hiriburuez gain ere, herrietan hamaika deialdi egingo dira.