Lakuako Gobernuko Osasun Sailak ostiral honetan Hezkuntza arloko langileen txertaketa hasi dela baieztatu du. 15.000 lagun inguruk osatzen duten taldea lehen dosia hartzen hasi da, tartean honako hauek direla: haur eskola pribatuetako langileak, Haurreskolak Partzuergokoak, Haur Hezkuntzako irakasleak, Hezkuntza Berezikoak eta jantokietako begiraleak.
Guztiak 55 urtetik beherako langileak dira, eskola eremuan maskararik gabe ibiltzen diren ikasleekin lan egiten duten profesionalak. AstraZenecaren txertoa jasoko dute. Txertatzen lehenak ikastetxe publikoetako langileak izan dira.
Sindikatuen kritikak
ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek Lakuaren kudeaketa kritikatu zuten atzo. Bereziki, mutua pribatuen esku utzi izana salatu zuten.
«Hezkuntza publikoko langileen txertaketa mutuen esku uzteak agerian uzten du gure osasun sistema publikoa indartu eta baliabidez hornitu beharrean, gobernu honen apustua pribatizazioaren aldekoa dela», adierazi zuen ELAk.
Halaber, berriro ere langileen txertaketa prozesuan informazioa, kudeakateren ardura duten sail desberdinen arteko koordinazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako planifikazio bat exijitu zion Lakuako Gobernuari.
Astelehenean 90 urtetik gorako pertsonak
Osakidetza astelehenean hasiko da 90 urtetik gorakoei txertoa jartzen, Jose Luis Quintas Lakuako Gobernuko Osasun sailburuordeak gaur adierazi duenez. Dagoeneko pertsona horiekin harremanetan jarri dira hitzorduak zehazteko, Osakidetzarekin batera.