Bizitzaren aldarrikapenez beteriko poesia liburua dakar Linazasorok

Karlos Linazasororen ‘Esaten dugun argia’ poesia liburua aurkeztu du astearte honetan Elkar argitaletxeak. Bizitzaren «ospakuntza bat» dakarkigute poema horiek, «maitasunez eta argitasunez» beteak.

Karlos Linazasoro. (Maialen ANDRES/FOKU)
Karlos Linazasoro. (Maialen ANDRES/FOKU)

Denboraldi honetako liburuak aurkezten jarraitzen du Elkarrek, eta astearte honetan poesia liburu batekin etorri da: Karlos Linazasororen ‘Esaten dugun argia’.

150 poemako bilduma da, eta argitaletxeak azaldu duenez, bizitzaren ospakuntza bat dakarkigute, «maitasunez eta argitasunez beteak, eta egilearen trebezia teknikoa erakusten digutenak».

Karlos Linazasoro Tolosan jaio zen 1962an. Filologoa da ikasketaz eta liburuzaina lanbidez, baina batez ere idazlea da, obra zabal eta maila handikoaren egile, genero ia guztietan: haur literatura, aforismoa, antzerkia, ipuin laburra eta poesia, batik bat.

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak azaldu duenez, Linazasororen liburuek «unibertso bat osatzen dute», baina bere estiloa poesian idazten duenean eta prosan idazten duenean ezberdina dela azpimarratu du.

«Linazasoren literatura inteligentea eta zorrotza da, hitz zehatzetarako joera dauka eta, hizkuntzaren erabilera oso neurtua eta trebea. Baina bere prosazko liburuetan munduaren ikuskera ilun eta ezkorra agertzen da. Poesian berriz, guztiz kontrakoa bilatzen du, bizitzaren ospakuntza edo bizitzaren aldarrikapen bat dago, ikuspuntu askoz argiago eta baikorrago bat», adierazi du Mendigurenek.

«Pertsona bakoitzaren baitan pertsona asko eta ezberdinak daude. Nik, prosan idazterakoan, gauzak modu batera ikusten ditut eta poesia idazterakoan beste modu batera», gehitu du Linazasorok. Halaber, gaur aurkeztutako liburua bere beste poema liburuak baino «argitsuagoa» dela nabarmendu du.

Liburua lau zatitan banatzen da, baina idazle tolosarrak azaldu duenez, ez dago alde handirik lau zatien artean, eta liburua osotasun bat da gaiei dagokienez. Gainera, poemak idatzi ahala ordenatuta daudela azaldu du.