Maitane Aldanondo
Entrevista
Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre
Kazetari eta antropologoak

«Euskal Herrian ere indarra duena eta izan duena patriarkatua da, ez matriarkatua»

Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) eta Lorea Agirre (Beasain,1968) kazetari eta antropologoen bizi ibilbidean oso presente izan dira betidanik euskaltzaletasuna eta feminismoa. Oharkabean jabetu ziren bi aldagai horien arteko uztarketaz, eta oraingoan naziogintza gehitu diote.

Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre.  Monika DEL VALLE | FOKU
Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre. Monika DEL VALLE | FOKU

Nazioari begirako edo abertzaletasunaren historian sexu-genero aldagaiak garrantzirik ba al du?

Idurre Eskisabel: Kultura, gizarte, talde bakoitzak sortzen du bere sexu-genero sistemaren irudikapena, aldiro markatzen du zer den maskulinitate eta feminitate egokia eta azpiratuta dauzkan taldeena gaitzetsi egiten du beti. Nazioaren aldagaia sartuta, badira euskaldunon sexu-genero sistemaren gaineko begirada hegemoniko batzuk, aspalditik datozenak, oso gaitzesgarriak direnak. Aymeric Picaudek Erdi Aroan bidaia egiten duenean euskaldunak orgia konstante batean bizi gara, edo Pierre de Lancrek eta sorgin ehizak sortzen duten iruditeria ere oso urruti dago hegemoniak jokaera egokitzat duenetik.

Horren aurrean abertzaletasunak bere aldaeretan besteak baino hobea izan nahi du, oraindik ere emakume bertutetsuago bat sortzen du. XIX. mende bukaeran ama total bat da, kasik, ama birjina bat, sexu desioarekiko inolako premia eta gogorik ez daukana, langilea, indartsua, bere interesa izango da seme-alabak haztea... Ia gaur egun arte heltzen da askotan, bai kanpo begiradatik bai guretik ere.

Barne begirada ikustea zailagoa da, baina gehiago erreparatu beharko genioke; kanpokoan badaude gauza oso nabarmenak. Esaterako, oraindik orain Espainiako Kongresuan Bel Pozuetak edo Mertxe Aizpuruak hitza hartzen dutenean, pentsa zer gauza esaten diren: itsusia, kopeta-ile ez dakit nolakoa, sorginak, jo ezinak... Errepikatzen den estereotipo bat da. Horren aurrean gure joera emakume eredu diferente bat da. Oso ondo aztertu beharko genuke zer duen interesgarri gordetzeko eta modu eraldatzaile batean gure egiteko.

Eredu horretan sortuko litzateke euskal matriarkatua?
I.E.: Irudikapen horrekin lotzen da, emakume indartsua, baserriaren eta hizkuntzaren zutoin... Imajinarioak behar du, baina kontua da gero ez dela erreala.  Ziur asko, leku askotan dago matriarkatuaren ideia, baina beti bestelakotutako kulturetan, begirada gaitzesgarriarekin. Exotikoa, onargarria bere bitxitasunean, baina ez munduaren ardatz eta gidaritza izateko.

Lorea Agirre: Euskal Herrian munduko leku gehienetan bezala indarra duena eta izan duena patriarkatua da, ez matriarkatua. Bi alde izan ditzake: emakumeari balioa ematea, esatea, «indartsuak dira, boterea dute, eragiten dute...», edo katea estutzeko modu bat izatea, «ez duzu agintzen eta ez duzu sekula aginduko». Zertarako nahi dugu, ez dadin ezer aldatu edo kontakizun bat sortu eta boteretze prozesu bat bultzatzeko? Zer egiten digu, mesede edo kalte?

Naziogintzak edo euskalgintzak ahalduntzerako balio al dezake?

L.A.: Euskal Herrian, emakumeek, ahal izan duten guztietan, utzi zaizkien eta hartu dituzten eremuetan ahalduntzea bilatu dute. Euskararen biziberritze prozesua gaur egun arte publikoan eta botere guneetan gizonezkoek gidatu dute, baina nazio ukatu askotan gertatzen da hizkuntzaren, kulturaren eta aberriaren transmisioa emakumeei esleitu zaigula. Amen lana izan da beren seme-alabak euskaldunak izatea, lurra maitatzea, kultura ezagutzea... euskara etxean besterik ezin zenean ikasi. Euskalgintza prozesu politiko gisa martxan jartzean 1950eko hamarkadan, ama horiei uzten zaie, estatusa mutatuz baina sustraia gordez, andereño izatea. Etxe sozialean klaseak emango dituzte eta zuzendariak gizonak izango dira. Plaza publikora saltatzeko aukera aprobetxatu egiten dute, asmatzen dute emakume izateko beste modu bat. Bi paradoxekin, batetik, menderakuntzaren jarraipen irekiagoa da, baina aldi berean, protofeminista gisa euren buruak eraldatzen dituzte; eta bestetik, beraien jarrerak eragin du euskalgintzan. Hizkuntzaren borrokak ekarri behar du beste borroka batzuk kontuan hartzea, esplizitatu edo ez.

Zergatik gertatzen da euskararen feminizizazioa?

L.A.: Zaintzaren ideologiak bultzatzen du. Zergatik? Badagoelako emakume izatearen esentzialismo jakin bat non ama, zaintzaile, trasmititzaile izaten jarraitzen dugun gure amonak eta birramonak bezala. Debatea prestigio eta botere ezaren markoan jarri behar da. Euskara botere eza da, beraz, botere gabetutako subjektuek hartzen dute. Badago eteten ez den diskurtso bat: euskara zaindu egin behar da, babestu, umeek ikasi behar dute, ederra da... Elementu oso positiboak izan daitezke, baina politizazioa ukatzen dute. Euskara balitz hegemoniko, boteretsu, prestigioa emango lukeena, espazio publikoan leku zentralera eramango zaituena, logikak esaten digu gizonek hartuko luketela borroka hori.

I.E.: Naziogintzaren borrokan hizkuntza zentralagoa balitz, okupazioa askoz ere maskulinoagoa litzateke. Zenbat eta ardatzekoago borroka horretan, orduan eta maskulinizatuago bere praktiketan.

Feminismoak zer eman diezaieke beste borrokei?

Idurre Eskisabel: Feminismoak gure jendartean daukan atxikimendua, eragite eta mobilizazio gaitasuna dezente handiagoa da euskalgintzarena baino. Ez da beti hala izan, baina momentu honetan hala da. Feminismoak oso ondo uztartzen ditu askatze borroka kolektiboa eta eguneroko bizitzako arazo, min eta halakoetatik ateratzeko bideak eta tresnak. Euskalgintzak orain arte bere praktika diskurtsibo ia osoa “Euskal Herri euskalduna” misio kolektiboaren baitan kokatu du eta bakoitzaren eguneroko bizitzako premiei gutxiago erantzun die. Bestalde, jatorrian identitate auzi bat dena, denon gatazka bilakatu du feminismoak. Hizkuntza gatazkaren auzia ez da euskaldunon arazo bat, denona da, eta hizkuntz eskubideak herritar moduan gauzatzea justizia sozial eta demokrazia arazo bat da. Diskurtsiboki feminismoak hori eman diezaioke.


Zergatik gertatzen da euskararen feminizazioa?

Lorea Agirre: Aliantza, begirada intersekzionalitatea. Menderakuntza forma diferenteak daude eta elkar elikatzen dira pertsonaren baitan edo kolektibotik. Euskal Herrian euskalgintzak feminismoari ematen dio lur bat, zentzu metaforiko eta fisikoan, non aurretik badagoen borroka baten tradizio bat, prozesu bat, negoziazioa, kanpainak... eta lurraldetasun bat, euskararen zazpi lurraldeak. Kolektibo bat ohituta dagoena mobilizatzera, eraldatzera, pentsatzera, egitera. Kolektiboki pentsatzera emana dagoen herri bat gara, horrela tokatu zaigulako, eta uste dut hori ere inportantea dela feminismoarentzat. Beti esan du borroka, lekuan leku eta unean une egin behar dela. Euskal Herriaren errealitatea hau da, konplexutasunak zaildu egiten ditu gauzak, baina lanabes finagoak, enpatikoagoak eta denboran arrasto gehiago utz dezaketenak izan daitezke.