Andres Osa "Sakona"

Jende gaztearen arteko lehia estua espero da igandeko Urrezko finaletan

Igande honetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Urrezko Finalak jokatuko dira 12.00etatik aurrera. Urrezko Binakako Aizkolarien eta bakarkako harrijasotzaileen txapelketak dira jaialdiaren ardatzak. Aizkoran jende gaztearen arteko lehia egongo da eta harrijasotzen norgehiagoka estua espero da.

Urrezko aizkolarien iazko finala Julen Alberdi "Txikia IV.ak" irabazi zuen. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Urrezko aizkolarien iazko finala Julen Alberdi "Txikia IV.ak" irabazi zuen. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Heldu da egun preziatua, Egur Sportek landua, aizkora eta harria tarteko, kirolari gazteak koronabirusaren aurka itxaropenaren arrastoan duten onena emanaz osasuntsu bizi ahal izateko. Gisa honetako ekintza erraldoiak nekerik gabe ez dira antolatzen. Dirua, aterik ate dabilen eskaleak baino gutxiago, ikuskizuna zuzenean ikusteko debekua, materiala zuzentzeko patrikera txanponez soilik. Egoera trakets honetan igandean Azpeitian izango den moduko ekintza gauzatzea merito handiko lana da.

Urrezko Binakako Aizkolarien eta bakarkako harrijasotzaileen txapelketak dira jaialdiaren ardatzak. Menu nagusia hori da baina  badira ekintza apalagoak epe laburrean izarrak izango direnak moldatzen joateko. 21 urte bete dira txapelketa hauek hasi zirela, eta igandean lehian egongo diren aizkolari gazte gehienak laba horretan moldatuak izan dira.

Aizkoran jende gaztea

Finala aurretik hiru hesi gainditu eta txartela jaso dutenak bikote hauek dira: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain (Arribekoak), Ugaitz Suharri eta Jokin Urretabizkaia bikote hernaniarrak eta hirugarrena, Hodei Ezpeleta mendaroarra eta Goizeder Belza arbizuarra. Bederatzi enbor lau modalitate desberdinatan jarrita moztu beharko dute. Enbor bat 80 ontzakoa izango da eta garrantzizkoa izango da tamainako ezpala zuzen eramatea erdira, partitu ezinean jira-biran ez ibiltzeko.

Emakumezkoen norbanako txapelketa ere jokatuko da partaideak dira: Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Uxue Ansorregi eta Klaudia Muñoz. Lanerako lau enbor 36 ontzakoak izango dituzte.

Gazte mailako lehiaketa ere  izango da, partaideak: Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, Oier Larretxea eta Endika Goia eta hirugarren bikotea Oier Kañamares eta Ibon Garaiburu. Lanerako, sei enbor.

Harrijasotzen lehia oso estua espero da

Urrezko Harrijasotzaileen Txapelketak ikusmin berezia sortu du. Izan ere, parte hartzen duten hirurak gazteak eta aparteko harrijasotzaileak dira. Zortzi arroako hiru harri erabiliko dituzte; zilindroa, kubika eta borobila, eta bakoitzarekin 3 minutuko txanda izango dute. Ikuskizun bizia eta oso estua izango da inolako zalantzarik gabe. Partaideak Mikel Lopetegi "Urra" zarauztarra, Beñat Telleria lasartearra eta Inhar Urruzuno ondarroarra.

Emakumezkoen harrijasotze saioan Karmele Gisasola "Zelai III.a", Udane Ostolaza eta Aroa Santxez arituko dira.