NAIZ
DONOSTIA

Aberri Egunean «une bat partekatzeko» deia egin du Euskal Herria Batera ekimenak

Apirilaren 4ean, 12.30ean, Euskal Herria Batera ekimenaren Youtube kanalean jarraitu ahal izango da aurtengo Aberri Egun bereziko proposamena. «Une bat Euskal Herritarrok elkarrekin partekatzeko».

Euskal Herria Batera ekimenak agerraldia egin du aurtengo Aberri Eguna aurkezteko. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Euskal Herria Batera ekimenak agerraldia egin du aurtengo Aberri Eguna aurkezteko. (Andoni CANELLADA / FOKU)

2021eko Aberri Eguna nola ospatu ahal izango den ez dago oraindik argi, osasun egoeraren ondorioz. Baina, aurre hartuz, Euskal Herria Batera ekimenak egin du proposamen bat eta herritarei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei dei egin die, apirilaren 4an honekin bat egin dezaten. Kirol, kultura eta gizartearen arlo ezberdinetako 44 norbanakok sinatu dute proposamena.

«2020ko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek elkarrekin keinu bat egiteko, bai eta hainbat gizarte eragilek, alderdik eta sindikatu ere ekimenarekin», adierazi dute gaur Donostian egindako aurkezpenean. Gogora ekarri behar da iaz, balkoi eta leihoetara irten zirela herritarrak, konfinamendu garaian, ‘Txoria txori’ eta ‘Ikusi mendizaleak’ abestiak kantatzera.

Aurten, pauso bat haratago doa eta ikus-entzunezko bat izango du oinarri, apirilaren 4ean, 12.30ean, Youtubeko haien kanalean jarraitu ahal izango dena. «Une bat Euskal Herritarrok elkarrekin partekatzeko; une bat sintonizatzeko. Gure mugikorretan bozgorailuen bolumena igo eta emisioa sintonizatuz. Euskal ikurrak jarriz», egin dute gonbidapena. Ikus-entzunezko hori jarraituz kantatu ahal izango dute aurten herritarrek.

Bakoitzak nahi duen tokian egin ahalko du aurten: iaz bezala etxean, edo herrian, edo naturan edo kultur-gune batean edo, diasporaren kasuan, euskal etxeetan.

Sare sozialak

Honen baitan eta osasun egoerak ematen dituen aukeren arabera herri eta auzoetan ekimenak antolatzeko aukera mahai-gainean jarri du Euskal Herria Baterak. «Bakoitzak adieraziko du Euskal Herria nola ulertzen duen».

Ekimen ezbedinei oihartzuna eman asmoz «familiaren, lagunen edo herriko plazaren argazki bat» ateratzea eta sare sozialetara igotzea proposatu dute, #EuskalHerriaBatera edo #AberriEguna2021 traolarekin edo info@ehbatera.eus helbidera igorrita.

Baina apirilaren 4a aurretik ere bakoitzak Euskal Herria zein abestirekin lotzen duen adierazteko eskatu dute, traola berak erabiliz. «Sare sozialetan, argazkiak edo bideoak igo. Zein kantarekin edo adierazpenekin lotzen duzu Euskal Herria? Kantu, dantza, marrazki edo beste edozein adierazpen artistikoren bidez, batzen gaituen Euskal Herriarekin nola amets egiten dugun adierazi».