NAIZ

Egoera berezian «betiko maitasunarekin», kantuz egin diote omenaldia Angel Berruetari

17 urte betetzen dira gaur espainiar polizia batek eta honen semeak Angel Berrueta iruindarra hil zutenetik, Madrilen bi egun lehenago izandako atentatuen ondorioz ezker abertzalearen kontra sortutako giroaren baitan.

Kontxi Sanchiz eta Angel Berruetari egindako aurreko omenaldi bat. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Kontxi Sanchiz eta Angel Berruetari egindako aurreko omenaldi bat. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

2004ko martxoaren 13an, bi egun lehenago Madrilen izandako atentatuen ondoren eta ezker abertzalearekiko etengabeko jazarpen giroan, espainair polizia batek, semearekin batera, Angel Berrueta okina hil zuen tiroz eta labankadaz Iruñeko Donibane auzoan.

Gaur 17. urteurrena betetzen da eta Angel Gogoan plataformak gogora ekarri nahi izan du hilketa hark irekitako zauria oraindik ez dagoela itxia. «Pandemia egoera honetan, segurtasunagatik eta errespetuz jokatzearren, omenaldia modu ez presentzialean egitea erabaki da». Hala ere, «betiko maitasunarekin, gure lagun eta auzokidearen omenez» abesti bat kaleratu du plataformak.

Iruñean gertatutakoa salatzeko protesta batean Hernanin hil zuten Kontxi Sanchizi ere keinua egiten diote, urtero, omenaldi bakoitzean.