Arrazakeriaren aurkako aldarriak kaleak hartu ditu, etxebizitza eskubidea ardatz hartuta

Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginez, ehunka lagunek aldarrikapen antiarrazistak atera dituzte kalera igande honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izandako manifestazioetan. Aurtengo mobilizazioek etxebizitzaren eskubidea izan dute ardatz.

Arrazakeriaren aurkako manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Arrazakeriaren aurkako manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Bilboko manifestazioa Mariaren Bihotza Plazan hasi da. Aldarrikapenez jositako giro alai batean, ehunka lagun San Frantzisko kaletik hasi dira ibiltzen. Luzatutako esku-ahurraren zeinua, arrazakeria gelditzeko seinale gisa, izan da manifestazioaren buru.

Ondoren, mobilizazioa babestu duten taldeak jarri dira haien pankartekin: SOS Arrazakeria Bizkaia, Agharas, Mbolo Moye Doole, Midji Elkarte Soziokulturala, Amiarte, Azalak Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bilboko Maizterren Sindikatua, AZET Etxebizitza Sindikatua, Ikasle Sindikatua...

Zabalburu plazara iristean, manifestazioak udaletxerantz jarraitu du, Hurtado Amezaga kaletik. Manifestariek aurrera egin dute leloak oihukatuz etengabe: «Etxe bat izatea eskubidea da», «Arrazakeriarik gabeko auzoak nahi ditugu», «Atzerritarren legea kaka bat da», «Aburto abusón, danos el padrón», «Atzerritarren legeak egunero jendea hiltzen du», «Europa canalla, abre la muralla» edo «Zergatik molestatzen dizu nire azalaren koloreak?» izan dira entzun diren leloetako batzuk.

Pandemia garai honetan ohikoa den bezala, manifestariak lerroetan ibili dira, segurtasun distantziak mantentzen saiatuz. Txalekoak zeramatzaten dozenaka lagunek manifestarien zutabeak eta haien arteko distantziak «markatzen» lagundu diete antolatzaileei.

Manifestazioa oso koloretsua izan da eta parte-hartzaileek euren aldarrikapenak eraman dituzte karteletan: «Etorkinak ez daude soberan, arrazistak bai», «Deportaziorik ez»... Mobilizazioan zehar, Mame Mbaye Ndiaye, 2018an jazarpen-polizial baten ondorioz hildako manteroa, ere oso presente egon da. Manifestari askok bere argazkia zeramaten.

Bilboko udaletxera iristean, Afrikako hainbat abesti abestu dituzte, eta gero agiria irakurri dute: «Pertsona arrazializatu, migrante eta ijitoak gure kale eta auzoetan azaldutako arrazakeriaren eta xenofobiaren biktima izaten gara. Edonork merezi dituen duintasun eta errespetua ez zaizkigu aitortzen eta gainera, onsasuna, hezkuntza edo bizilekua bezalako oinarrizko eskubideak gauzatzeko aukera ere ukatzen dizkigute», hasi da esaten bozeramaile batek.

Izan ere, azken alderdi horretan, bizilekuan, jarri dute arreta gaurkoan, «bizileku duina edukitzeko eskubidearen urraketan eta etxerik ez duen hainbeste jedeari kendutako eskubidean».

Arrazakeria eta xenofobia ematen diren hainbat kasu salatu dituzte: «Etxe agentziek eta etxebizitzak alokatzen dituzten jabeek tratu baztertzailea eskaintzen diotela arrazializatuei; udalek erroldan sartzeko zailtasun asko jartzen dituztela; erroldan sartzea eragozten duen errolda agirien iruzurrezko salmenta; auzokoen jokabide arrazistek sortzen duten kalte morala; etxe espekulatzaileen jarrera eta gentrifikazio prozesuek eragiten duten egoera; alokairuaren prezioa garestia; eta kalean bizi direnak indarrez lekualdatzea».

Beste hiriburuetako mobilizazioak

Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan ere mobilizazioak izan dira. Iruñean, manifestazioa Baluarte plazatik abiatu da migratzaileen testigantzak irakurriz. Iruñeako kaleetatik ibili ondoren, Gaztelu Plazan amaitu da, manifestua irakurri duten tokian.

«Polizia kontrol arrazisten gorakada, justifikaziorik gabeko atxilotzeak eta atzerritarren brigadaren aurrean egindako zitazio tranpak» salatu dituzte. «Gertakari horiek ez dira salbuespenezkoak, biztanleria migratzailea eta arrazializatua kontrolatzeko eta kriminalizatzeko estrategia baten parte dira», adierazi dute.

Halaber, «migrazio eta asilo politikak arrazakeria instituzionalaren adibide» direla salatu dute, eta «mugen kontrolean, itxieran eta kanporatzean» zentratuta daudela.